Bertako zuhaitzen landaketan parte hartzeko deia

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 12a, 13:52

Soraluzeko Baso Biziak elkarteak dei egin du zapatuan Elgoibarren egin behar den zuhaitz landaketan parte hartzeko. Aukera aproposa ikusten dute etorkizunean Soraluzen egingo diren landaketei begira "esperientzia horretatik ikasteko". Parte hartu nahi duenak aldez aurretik eman beharra dauka izena, hiru egun lehenago gutxienez.

Izena emateko info@lurgaia.org e-postara mezu bat bidali behar da, ondorengo datuak emanez: izen-abizenak, adina, jatorrizko udalerria eta mugikorraren zenbaki bat (ezustekoetarako bakarrik).

16 urtetik gorakoek eman dezakete izena bakarrik, eta ohartarazi dute izena emanez gero komeni dela kale ez egitea; edo kale eginez gero, aldez aurretik abisatu beharra dagoela.

Ohartarazi dute, ezin dela joan izena eman barik eta antolatzaileen baieztapena jaso barik.

Hitzordua 09:00etan

Hitzorduari berari dagokionez, berriz, 09:00etan egin dute hitzordua, Aizkorri eta Santa Klarako kaleen arteko bidegurutzean. Lurgaia Fundazioaren eskutik egingo da landaketa.

Ura etxetik eraman beharra dago, baita zerbait jateko ere, hamarretarako. Mendiko edo ur botak eraman behar dira eta arropa erosoa. Eta euritarako arropa, badaezpada. Eskularruak eta landatzeko-tresnak, berriz, antolatzaileek banatuko dituzte. Ekimena bazkalordura artekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.