Eguaztenean sartuko dira indarrean neurri berriak

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 11a, 17:55

Eusko Jaurlaritzak zorroztu egingo ditu orain arte indarrean zeuden neurriak. Besteak beste, honako erabakiak hartu ditu: Lurralde Historikoetan konfinamendu perimetrala ezartzea, merkataritza-zentro handietako edukiera-muga %40ra murriztea eta ostalaritzarako orain arteko ordutegi murriztuari eustea. Eskola kirolari dagokionez, berriz, entrenamenduei berrekitea onetsi du. 

LABIren Batzorde Teknikoaren gomendioak onartu eta haiekin osatutako dekretu berria argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak, eguazteneko 00:00etarako. Orduantxe sartuko dira indarrean neurriok, gehienak orain artekoak baino zorrotzagoak. 

Honakoak:

Mantentzen dira:

  • Indarrean jarraitzen dute Euskadiko konfinamendu perimetralak, gaueko mugikortasunaren mugak (22:00-06:00ak arte), gehienez, sei pertsonako taldeak eta merkataritza eta kultura-jarduerak 21:00etan eteteak.
  • Ostalaritza ixteko ordutegia 20:00etatik 06:00etara mantenduko da eta establezimendu horiek itxi egingo dira 100.000 biztanleko 500dik gorako tasa duten udalerrietan.
  • Kultu-aretoetako gehieneko edukiera % 35ean mugatzea.
  • Musika- eta ahots-entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea.

Aldatzen dira: 

  • Lurralde Historikoaren konfinamendua ezartzen da. 100.000 biztanleko 500dik gorako tasa duten udalerrietan udal-konfinamendua aplikatuko da.
  • 150 metro koadrotik gorako merkataritza-establezimenduetako edukiera % 40ra murriztuko da. 150 metro koadrorainoko azalera dutenentzat, berriz, edukiera % 60koa izango da.
  • Eskola-kirolaren entrenamenduak berrekingo dira, seiko talde finkoetan eta aldagelak erabili gabe. 500dik gorako tasa duten herrietan taldeko kirola eten egingo da.
  • Profesionalak ez diren dantza-taldeen entseguak baimentzea, eta antzerki-jarduerarako indarrean dauden baldintzekin lotzea.

Asteburuan, positibo bakarra

COVID-19 koronabirusaren datuei dagokienez, berriz, asteburuan positibo bakarra atzeman dute Soraluzen. Semaforoak hori kolorean segitzen du. Eskualdeari dagokionez, berriz, Deba, Elgoibar eta Eibar laranja kolorean daude, Deba eta Elgoibar 450tik gorako tasarekin. 

Hona hemen barikutik atzora arteko datuak, herriz herri:

  • Eibar     26
  • Elgoibar  6
  • Mendaro  0
  • Deba    4
  • Mutriku  3
  • Soraluze 1
  • Debabarrena  40