Atzerapausoen beldur

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 11a, 13:47

Pentsiodunen Mugimenduaren ustez, azkenaldian pentsioekin lotutako hainbat zunda-globo argitaratzen ari dira, etorkizunean, pentsioekin hartuko diren erabakiak "justifikatzeko",  Mugimenduak berretsi du “erne” egotea komeni dela eta mobilizazioekin segitzea, “inoiz baino gehiago”. 

Pentsiodunen Mugimenduak salatu du pentsioei buruzko hainbat “zunda-globo” ari direla botatzen, etorkizunean, pentsioekin lotuta, "aurrera egin beharrean, atzera egitea gerta dadin justifikatzeko”.

Honakoak nabarmendu dituzte: "pentsioen urteko KPIaren igoera hainbat aldagairen araberakoa izan behar dela; soldata arautzailearen kalkulua 25 urtetik 35era luzatu behar dela; erretiro aurreratuei traba gehiago jarri behar zaizkielabeta erretiro hori legezko gehieneko adina baino beranduago luzatzea sustatu behar dela, estimulu edo osagarri ekonomikoekin".

Pentsiodunen Mugimenduak azpimarratu du proposamen horiek egiteko "aitzakiak" honakoak direla: gizarte-segurantzako kutxa jasanezina dela eta pentsio duinak bermatzeko, nahi eta ahal dutenentzat, pentsio-funts pribatuak sustatu behar direla, bai banakakoak, bai kolektiboak.

"Arazoa, sarreretan"

 Aldiz, pentsio publikoen defendatzaileek diote jakinekoa dela "pentsioen arazoa diru-sarreretan dagoela, ez gastuetan". Hori horrela, berretsi dute arazoaren konponbidea dela "gure belaunaldirako eta etorkizunetarako enplegu gehiago eta hobea bermatzea" eta "langileek lanarekin sortzen duten aberastasuna ekitatez birbanatzea".

Badago dirua

Bestalde, Jaurlaritzari dagokionez, uste dute baduela nahikoa diru gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzeko: "Eustaten datuen arabera, EAEn, laneko errentetatik datorren PFEZaren bilketa – Diru-sarrera fiskalen funtsezko osagaia – % 18 handitu da, eta enpresa-, lanbide- eta kapital-errenten ekarpena, berriz, % 38 murriztu da".

Horregatik guztiagatik berretsi du aurrerantzean ere “erne” egotea komeni dela eta mobilizazioekin segitzea, “inoiz baino gehiago”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.