"Salbuespeneko espetxe-politika behin betiko amaitzea" eskatu dute

Egoitz Unamuno 2021ko urt. 9a, 23:14

Gaur arratsaldean, berrehun herritar inguru batu dira Sarek deituta presoen eskubideen alde herrian egin den mobilizazioan. Manifestazioaren ostean, mezua irakurri dute "elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko oinarrizko sei eskakizun" plazaratuz.  

Sare Herritarrak deituta, gaur, Euskal Herri osoko 240 herritan egin dituzte mobilizazioak. Soraluzen, berrehun herritar inguruk parte hartu dute eta herriko kaleetan manifestazioa burutu ostean, ekitaldia egin dute Plaza Zaharreko karpan. Bertan irakurri duten mezuan, Sarek "elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko" ezinbestekotzat jo du "salbuespeneko" espetxe-politika aldatzea: "Ezin da aurrera egin senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak, zigortzen dituen urruntze-politika aldatu gabe, larriki gaixo diren presoak espetxean egoera biziki larrian mantenduz edota presoei ezarritako etxeratze-prozesua ahalbidetzen dien gradu progresioa ukatuz". Aldaketa hori egiteko "oinarrizko" sei eskari plazaratu ditu Sarek:   

  • Euskal presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.
  • Euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.
  • Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.
  • Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
  • Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
  • Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz.

Ekitaldia amaitzeko, herriko hainbat musikarik emanaldia eskaini dute Zenbat eta Izan bidea kantuak interpretatuta.