Ia 14.000 euro ‘Erase una vez… Euskadi’ pelikularen grabazioengatik

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 9a, 09:05
'Erase una vez… Euskadi' grabatzen, Plaza Berrian.

13.707 euro. Horixe da Erase una vez…Euskadi pelikulako ekoiztetxeak Soraluzeko Udalari ordaindu diona pelikula grabatzeko herriko espazio publikoa erabiltzeagatik. Diru hori erabiliko dute COVID-19 pandemiaren eraginez izan den diru-sarrera gutxitzeari aurre egiteko. 

 

Iker Aldazabal alkateak kontatu duenez, kanona kobratzeko La Canica Films ekoiztetxearekin izandako negoziazioa “gogorra” izan da, nahiz eta pelikula grabatzeko baimena eskatu zutenean jakinarazi zieten bide publikoa erabiltzeagatik kanona ordaindu behar zutela. Produktoreak alkateari esandakoaren arabera, Arrasaten, adibidez, ez diete ezertxo ere kobratu. 

Erase una vez… Euskadi pelikularen grabazioak zazpi aste iraun zituen. Urrian egin zuten azken grabazioa. 3,1 milioi euroko aurrekontua zuen pelikulak. 

Aurten, garestituta

Udalak Patria telesailaren grabazioetan aplikatutako kanon bera aplikatu zion Erase una vez… Euskadi pelikulari: 1,57 euro metro karratuko eta eguneko. Patriakoek 47.000 euro ordaindu zuten. Baina gaur egun kanon hori garestituta dago.

Izan ere, ikusita herrian bigarren grabazioa egiten ari zirela, aurtengo urrian, osoko bilkuran erabaki zuten orain arte aplikatutako kanonak garestitzea. Erabaki zuten aurrerantzean, pelikularen aurrekontuaren araberako kanonak aplikatuko dituztela. Honela:

 • 25.000 euroko aurrekontua dutenek 2,5 euro metro karratuko eta eguneko.
 • 50.000 euroko aurrekontua dutenek 3 euro metro karratuko eta eguneko.
 • 100.000 euroko aurrekontua dutenek 4 euro metro karratuko eta eguneko.
 • 100.000tik gorako aurrekontua dutenek 5 euro metro karratuko eta eguneko.