“Interneten ere badaude gaiztoak”

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 8a, 18:55
Ertzaintzako agenteak azalpenak ematen, gaur goizean, barikua.

Gaur, barikua, Interneteko arriskuen gaineko hitzaldia entzun dute Soraluze BHI Institutuko DBHko lehen mailako ikasleek, antzokian. Ertzaintzako bi agentek azaldu dizkiete arrisku nagusiak eta hainbat aholku helarazi dizkiete. Izan ere, oro har, “kezka handiagoa” izaten da “benetako errealitatearekin Internetekoarekin baino”. 

“Errealitatean lotsa ematen diguten gauzak Interneten egin egiten dira. Adibidez, errealitatean lotsa ematen diguten argazkiak Interneten errazago ipintzen dira. Eta behin argazkiak zintzilikatuta, ez dago atzera egiterik, Internetez errealitatean baino errazago zabaltzen dira argazkiak eta haien kontrola galdu egiten dugu”.

Halako eta antzerako ohartarazpenak egin dizkiete gazteei Bergarako polizia-etxetik etorri diren agenteek Interneteko arriskuez ohartarazteko hitzaldian, gaur goizean, antzokian. 

Urtero eskaintzen ditu poliziak Soraluzen gaia lantzeko hitzaldiak, Institutuak deituta. Izan ere, sarri kezka gutxirekin jardun ohi da Interneten eta arrisku ugari ditu sareak. Ertzaintzak azpimarratu duen moduan, oro har, “kezka handiagoa” izaten baita “benetako errealitatearekin Internetekoarekin baino”. 

Jarraibide nagusiak

Besteak beste, honako aholkuak eman dizkiete: 

Erabiltzen ez direnean, ordenagailuetako kamerak zerbaitekin estalita izan: “Kamera piztuta badago, ikusi egin ahal zaituzte (…) Espioi informatikoek zuen kamerak piztu egin ditzakete euren ordenagailutik eta zuen kamerak nahi duten moduan erabili”. 

Sarera ezer igo aurretik ondo pentsatzea: “Behin sarera zerbait igotzen denean, haren kontrola galdu egiten dugu. Edozeinek ikus ditzake zuen argazkiak, bideoak… Edozein har ditzake zuen argazkiak eta nahi duen moduan erabili. Noski, erakutsiko ez zenituzkeen argazki horiek ez igo”. 

Txatetan kontuz ibiltzea. Gertatu izan da txataren beste aldean dagoenak profil faltsua erakustea, 15 urteko nerabe batena, adibidez, argazki-bideo eta guzti, nahiz eta pertsona heldua izan, nerabeei eurei buruzko informazioa ateratzeko. Gogora ekarri dute txatak bideo-jokoetan ere egoten direla. Zentzu horretan, gomendatu dute ezagutzen ez den lagunik ez dela onartu behar jokoetako taldeetan. 

Ez egin hitzordurik ezagutzen ez den pertsonekin. Ez eman norbere datu pribaturik (bizilekua, ikastetxea, etxeko helbidea…).

Ez erantzun galdera deserosorik.

Pasahitz sinplerik ez erabili. Eta ordenagailu publikoren bat erabili ondoren beti sesioa itxi. 

Gurasoak eta irakasleak laguntzeko daude.

Norbait beste norbaiten aurka ari bada, eten katea. “Geldi ezazu, konta ezazu”. 

Azpimarratu dute, besteak beste, Interneten ia denek esaten dugula gezurren bat eta hori kontuan hartu egin behar dela. Adibidez: sare sozialak erabiltzeko eta haietan konturen bat izateko, legez adin jakinak izan behar dira. Baina ez dira errespetatzen gezurra esaten da kontuak zabaldu eta erabili ahal izateko. Whatsapp-en kontuan izateko 16 urte behar dira; 14 urte, berriz, Instagramen kontua izateko eta 13 urte Tik-Token kontua izateko.