20-30 isun, Zubi Nagusiko aparkalekuetan

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 8a, 09:05
Isuna ipinita autoan, atzo, eguena.

Abendutik hona, Udaltzaingoak 20-30 bat isun ipini ditu Zubi Nagusian txarto lagatako ibilgailuengatik. Edozelan ere, gaineratu du gero eta gehiago errespetatzen dela zubiko aparkalekuen zamalanetarako ordutegia. 

Orain dela hilabete pasatxo hasi zen Udaltzaingoa lanketa berezia egiten Zubi Nagusiko aparkalekuetan zamalanetarako ordutegia errespetatu zedin. Gaiari buruz galdetuta, diote “ondo” doala kontua. Orain arte, 20-30 isun inguru ipini dituzte eta ohartarazpen ugari egin ere bai. Baina orain, egunero ikusten da zubiko aparkalekuren bat libre zamalanak egiteko.

"Momentutxo baterako"

“Hainbat herritar kexu dira, “momentutxo baterako” ezin dutelako autoa laga. Baina normalean kafea hartzeko aparkatu nahi izaten dute, beraz… Gertatu izan zaigu ere, nagusiren batek esatea: “Momentutxo baterako bakarrik da”, eta, ordubetera oraindik autoa zubian aparkatuta izatea. Halakoetan, isuna ipini besterik ez dugu, ordubete asko da-eta zamalan ordutegian. Bestalde, zamalanak egitera etorri eta horretarako lekua libre egon arren ibilgailua traba egiten laga duen langilerik ere izan da”, kontatu du udaltzainak.

"Hala ere, ez gara isuna zuzenean ipintzera joaten. Ohartarazi ere asko ohartarazten dugu isuna ipini aurretik. Isunak dira 40 eurokoak, bizkor ordainduta, 20 eurokoak. Isuna behin baino gehiagotan ipiniz gero, berriz, 200 eurorainokoa izan daiteke. Baina oraindik ez dugu 200 eurokori ipini", gaineratu du udaltzainak.

Berez, zubiko aparkalekuak zamalanak egiteko dira, honako ordutegian: 08:30etik 13:00etara eta 14:30etik 18:00etara. Baina ia egunero bestelako zereginetara bertaratutako herritarrek zein kanpotarrek lagatako autoekin beteta egoten ziren, askok aparkalekua hainbat orduz ere okupatuz. Aparkalekuok libre ez egoteak auto-pilatzeak sortzen zituen zubian ia egunero.