Ezin da kotxez igo mendira

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 5a, 13:00
Keixetako errekatik gora debeku seinalea.

Gaurtik, San Andres-Txurrukarako bidea itxita dago ibilgailuendako, Keixetako errekatik gora. Ezozi auzoan ere itxita dago errepidea, bertako plazatik gora. Bakarrik pasatu ahalko dira baimendutako ibilgailuak edo bertako bizilagunenak. Landa-eremuko hainbat bizilagunen kexuen ondoren erabaki du Udalak bi errepide horiek ixtea.

Asteburuan, herritar asko ibili da mendian elurraz gozatzen. Asko oinez bertaratu da baina beste asko autoz. Eta azken horietako hainbatek bizilagunen joan-etorria oztopatu egin zuten, autoa txarto lagata. Horrez gainera, zapatuan, hainbat arazo izan ziren San Andresko parkingean, ibilgailuen pilaketak eraginda. Eta atzo, elurra kentzen zebilen beharginarekin gertakariren bat ere izan zen, gidari baten kontura.

Hori ikusita eta bereziki kontuan hartuta bihar jai-eguna dela, Udalak erabaki du gaurtik San Andres-Txurrukarako bidea ibilgailuendako itxita izango dela, Keixetako errekatik gora, justu; eta Ezozi auzoan, gauza bera egin dute, bertako plazatik gora. 

Bakarrik pasatu ahalko dira baimendutako ibilgailuak edo bertako bizilagunenak. Goizean bertan adierazi dute debekua seinale bidez. 

Noski, oinez, nahi beste joan daiteke mendira.