Olga Pelaez: "Inteligentzia emozionalaren bitartez, aldatu egin dezakegu pertsonaren barne egoera"

Ubane Madera Zangitu 2021ko urt. 5a, 08:35
Olga Pelaez coacha. Argazkia: Fernan Oregi.

Olga Pelaez Conejok (Soraluze, 1973) Paso a Paso Coaching enpresa sortu zuen 2017an. Pelaez bera Coach-a da, PNL (Programazio Neurolinguistikoa) Adimen Emozionalean formazioduna. Psikologia ikasten ere badihardu. 

Zer da Coach PNL Inteligentzia Emozionala?

Pentsatzen dugunak eragina du gure aldartean, adibidez, norbait triste badago, guztia ikusiko du tristuratik eta triste; baina horrek ez du esan nahi errealitatea horrelakoa denik

Coaching-ak egiten duena da aztertu pertsona bat non dagoen eta non nahi duen egon. Horren arabera garatzen den prozesua da Coaching-a. Psikologiaren kontrara, inoiz ez du arrazoituko zergatik dagoen norbera dagoen egoeran, baizik eta egoera horretatik abiatuta, aurrera begira jarri eta nora nahi duen iritsi, bide horretan lagunduko dio pertsonari coach batek. Coaching prozesuak hasiera eta bukaera dauka, ez da urteetan luzatzen den zerbait. Lan-metodologia da. PNL-a, berriz, da Programazio Neurolinguistikoa. Metodologia horrek erakusten du pertsona bat zelan dagoen mentalki programatuta. Azken batean, ditugun sinismenengatik, kulturarengatik, esperientziarengatik… programatuta gaude guztiak. Pertsona bakoitzak errealitatea bere modura interpretatzen du, programazio horren arabera, esan dezakegu munduaren mapa propioa dugula guztiok. PNL-ak, une jakin batean, petsonarentzat osasuntsuak ez diren interpretazioak birprogramatzen ditu. Egiten duena da pertsonari konturatu eragin zer pentsatzen duen eta konturatu eragin pentsamendu horrek zein eragin duen bere buruarengan. Eragina positiboa bada, aurrera, ezta ukitu ere! Negatiboa bada, berriz, orduan pentsamendu hori aldatzen ahalegintzen gara. Izan ere, pentsatzen dugunak eragina du gure aldartean. Adibidez, norbait triste badago, guztia ikusiko du tristuratik eta triste; baina horrek ez du esan nahi errealitatea horrelakoa denik. Interpretazio hori negatiboa denean, hori aldatzen ahalegintzeko prozesua da Coaching-a. Ez ditu gaixotasunak-patologiak tratatzen, eta, noski, ez du botikarik ematen. Esan daiteke Coachinga dela osasuntsu daudenentzako psikologia. Helburua da gogo-aldarte positiboak lortzea. Baina ez du diagnostikorik egiten. Coach batek sekula ez dizu esango zer egin behar duzun, norberak aukeratu behar du non nahi duen egon; coach-ak bezeroari lagunduko dio horra ailegatzen, pertsona horren programaziotik abiatuta. Haren barruan sartu, haren programazioa ulertzen ahalegindu eta hortik abiatuta ematen du laguntza.

Zelatan erabaki duzu coach izatea? 

Nire bizitzan izandako hainbat bizipen desatseginek barne-aldarte ez atseginak eragin zizkidaten. Ez nekien horiekin zer egin. Nire senarrarekin lanean niharduen, guztia neukan, bikotea dirua, etxea… baina zerbait ez zegoen lasai nire barrenean. Eneagrama ikastaro batean hasi nintzen (nortasunaren azterketa). Hor hasi zitzaizkidan ateak zabaltzen eta zabaltzen, nire barrenekoak bere onera bueltatu ziren eta bukatu nuen coach izaten. Pentsatu nuen, honi esker nik lortu badut gainditzea, zergatik ez lagundu beste batzuei gauza bera lortzen?

Zeini zuzendutako zerbitzua da Coaching-a?

Bere bizitzan zerbait aldatzea nahi duen edozeini, zerbait hobetzea, aurreratzea nahi dutenei zuzenduta. 6 urteko umeekin lan egin dut, nerabeekin, helduekin zein nagusiekin… adin tarte guztiekin. Adina edozein dela ere, pertsonak izaten segitzen dugu eta burmuinaren funtzionamendua berbera da guztiengan. Nik egin behar dudana da pertsonarengana ailegatu ahal izateko nire modua egokitu adin horren arabera. Baina barren-barrenean oso igualak eta oso desberdinak gara. 

Zelako emaitzak ematen ditu?

Presaka bizi gara eta ez dugu ondokoa entzuteko astirik hartzen, inor epaitu barik. Jendeak entzuteko izugarrizko beharra dauka. 

Adibidez, umeek eta nerabeek ikusten duten momentuan eurak epaitu barik eurei laguntzeko nagoela, ikusgarria da hobetzeko eta ikasteko duten gaitasuna. Behin 7 urteko ume bati galdetu nion zertarako egin zuen egin zuena, ez zergatik, baizik eta zertarako. Aho zabalik geratu zen galderarekin, ikusi zuen bera entzuteko nengoela, ez epaitzeko eta hortik aurrera dena aldatu zen. Gaur egun, gainera, presaka bizi gara eta ez dugu ondokoa entzuteko astirik hartzen, inor epaitu barik. Jendeak entzuteko izugarrizko beharra dauka. 

Ze punturainoko eragina dauka Coching-ak?

Nik lortzen badut zure programazioan edo munduko mapan barneratzea, jakitea zergatik ikusten dituzun gauzak ikusten dituzun moduan, ikustea zuretzat zer den garrantzitsua, zer ez… nire esperientziak, nire etiketak, nire kulturak zugan sartu barik eta zu etiketatu eta epaitu barik, hortik abiatuta, uler nezake zergatik ikusten dituzun gauzak ikusten dituzun moduan eta zerk egiten dizun kalte edo zein den zure galga. Hortik aurrera, inteligentzia emozionalaren bitartez, zure barne-egoera aldatu egin dezakegu. Pentsamendua aldatzen baduzu, barne-egoera aldatu egiten da. Hori hobetzen bada, besteekiko komunikazioa hobetu egiten da, hori hobetzen bada, gertatzen ari denaren norberaren interpretazioa hobetu egiten da; aldi berean, hori hobetzen bada, zure barne-egoera hobetu egiten da. Zirkulu bat da. Coaching-arekin guztiok hobetzen dugu; nik neuk ere badut nire coach-a. 

Pandemia egoeran bizi garen honetan, kontsulta kopurua handitu egin zaizu?

Gizarte honetan badirudi txarto ikusita dagoela norbere sentimenduak adieraztea eta ez dakigu horiekin zer egin

Askok pandemian aitzakia aurkitu dute onartzeko ez daudela ondo; baina eurekin lan egitean, euren pentsamenduan barneratzean, ikusten da pandemia azaleko egoera besterik ez dela, duten ondoeza sakonagoa dela. Gizarte honetan badirudi txarto ikusita dagoela norbere sentimenduak adieraztea eta ez dakigu horiekin zer egin. Hala ere, garrantzitsuena da hobetu nahia onartu izana eta hori egiten ahalegintzeko aurrerapausoa eman izana.


Horregatik horrenbeste jendek jotzen du guruengana eta antzekoengana?

Kontu handia behar da halakoekin. Halakoak beti gertatu izan dira. Aztertu behar dena da zer dagoen pertsona horren barruan halako jendearen bila joateko eta gainera, horrenbeste denboran haiekin jarraitzeko. Coaching-aren helburua da norberak oinez bakarrik ikastea. Hasiera eta amaiera duen prozesu bat da. Zergatik, aldiz, hainbat pertsonak ez du nahi bakarrik oinez ibiltzen ikasi? Hori da galdetu beharrekoa.  


Gabonak sasoi gogorrak dira askorentzat…

Bai. Baina kontuan hartu beharra dago norbaiti zerbaitek kalte egiten badio dela pertsona horrek aurretik zauriren bat zuelako. 

Norbaiti zerbaitek kalte egiten badio hori da pertsona horrek aurretik zauriren bat zuelako

Norbaitek emozio gogorrak baditu, ezin du logika erabilita aurrera egin. Emozioek ez dute logika ulertzen, sentimenduak, baizik. Ondorioz, emozioak ezin dira kudeatu. Kudeatzea da emozio horrekin zerbait logikoa egitea: zer egin, non ipini… erabakitzea. Adibidez, norbait oso pozik edo oso triste badago, askotan hartzen ditu erabaki jakin batzuk gero damua eragiten diotenak, hain zuzen, erabakiok hartu dituenean bere sentimenduek markatuta zegoelako. Eta hori gertatzen da hemen eta Txinan, adin guztietako pertsonekin. Inteligentzia emozionalaren bitartez, pertsona entrenatu egiten da emozio horiek barneratzeko, auto-erregulatzeko gai izateko. Hau da, ikustarazten da norberak amorrua sentitzea edo ez sentitzea norbere esku dagoela. Amorrua barruan duelako. Amorru hori ez dio beste norbaitek eragiten. Norbere ardura da. Norbere esku dago emozio horiek kontrolatzea. Besteak egiten duena eta nik horri buruz egiten dudan interpretazioak eragiten dit barne egoera jakin hori, beraz, nire erantzukizuna da. Aldiz, gizarte honetan, gauza guztien, gertakari guztien errudun bat aurkitzea da gustukoen duguna. Ulertu behar dugu dena dela gertatzen ari denari buruz norberak egiten duen interpretazioa. Gabonen kasuan, landu beharrekoa da zure maparen arabera, Gabonek zer esan nahi duten zuretzat; aztertu behar da zer zauri duzun barrenean Gabonek kalte egiteko. 

Zer dago gure esku? Positibismoa zenbateraino da onuragarri?

Emozioak sekula ere ez ez dira ukatu behar; ukatuz gero, beste nonbaitetik irtengo dira

Onartu bako emozioek bistaratzen bukatzen dute, trauma modura, min modura, gaixotasun modura… Ez denean momentu ona bizi, onartu egin behar da. Amorrua sentitzen bada onartu egin behar da. Egoera hori onartu eta gainditu egin behar da. Emozioak sekula ere ez ez dira ukatu behar. Ukatuz gero, beste nonbaitetik irtengo dira. Egoera gainditu ezean, barne egoera ez da aldatuko. Eskatuko dizkiogu amorruz, beldurrez beteta dagoen burmuinari konponbideak, eta hark ezin izango dizkigu eskaini. Eskubidea dugu haserre-triste sentitzeko, beldurra sentitzeko, antsietatea sentitzeko… Ez dena egin behar da hor geratu. Pentsamendu errealista aplikatu behar da. Zer egin dezaket nik honekin niretzat positiboa izateko? Zer aldatu beharko nuke niretzat egoera hau egoera positiboa izan dadin? Egoera hobetu dadin? Gainera, emozio guztietatik ikasten dugu, emozioak dira atseginagoak edo desatseginagoak, baina guztiak dira beharrezkoak. Erantzuna norbere barruan dago. Inork ez du konponbiderik, norberak bere mapa propioa duelako. Norberak landu behar du bidea. Coach batek zera egingo du: galdetu eragingo dizu zer behar duzun hobeto sentitzeko. Coach sesioek, adibidez, ordubete bakarrik irauten dute, hortik aurrea gizakiak ez duelako beste ezer barneratzen ganoraz. Edozelan ere, gaur egun, oso okupatuta gaude gure sentimendu desatsegin horiek ezkutatzen: beldurra, antsietatea, amorrua… Horrek, arazoa konpondu beharrean, handitu egiten du.  

Ez zaitugu agurtu nahi hobeto sentitzeko bost aholku eskatu barik…

Hobe esango dizkizut entrenatu beharreko bost gauza. Izan ere, Coaching-ak ez du aholkatzen, nik bakarrik ahokatu ahal izango nizuke niretzako ona den zerbaiti buruz.

  • Resilientzia: geratu eta erreparatu. Konturatu behar gara pertsona bakoitzak bere mapa propioa duela, eta bestearena dela gurearengandik desberdina.
  • Egiten duguna zertarako egiten dugun galdetu. Ez zergatik. Zergatia galdetzeak errudunak eta arrazoiak bilatzera garamatza. Horrek ez du ezer konpontzen. Zertarako galdetzeak, berriz, norabide bat zehazten dit. Norabide hori guretzat aproposa den edo ez den aztertu behar da, gure helburua lortzen laguntzen digun. Oso garrantzitsua da jakitea zertarako egiten dugun egiten dugun hori. Horrek bide mordoa zabaltzen ditu eta mugimendua eragiten du.
  • Intentzio positiboa: norbaitek nirekiko zerbait desatsegina egiten badu, eztabaida baten aurrean… nire buruari galdetu behar diot pertsona horrek zergatik egiten duen hori, egin duen hori zergatik den positiboa berarentzat. Hori planteatzeak emozioaren intentsitatea jaisten laguntzen du. Intentsitatea jaisteak entendimendua handitzea dakar, nahiz eta haserre edo amorratuta sentitzen segitu.
  • Kontuz pentsatzen dugun horrekin. Gure jarrera da gure pentsamenduaren isla. Ez da norbere burua zigortu behar. Norbere burua zaindu eta maitatu egin behar da. Bestela, barne-egoera negatiboa sortzen da eta horrek emozio desatsegina dakar eta horrek portaera ez soziala dakar. 

Agurtu aurretik, jakin-mina dutenei aukera eskaini nahi diet doako kontsulta hitzordua eskatzeko, otsailaren 1era arte.