Aurten, pandemiak ezarritako baldintzak direla eta, Sarek erabaki du urte hasieran Bilbon egin ohi den manifestazioa herriz herriz egitea. Hala, urtarrilaren 9an, Bidea gara lemapean, Euskal Herriko 216 herritan egingo dituzte mobilizazioak, Bilboko manifestazioa egin izan den ordu berean, 17:30ean, eta “segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta”.
Soraluzen, Plaza Zaharretik
Soraluzeko Sarek ere bat egin du deialdiarekin eta dei egin die soraluzetarrei urtarrilaren 9an arratsaldeko 17:30ean Plaza Zaharrean batzera. Ondoren, bertatik, manifestazioa abiatuko dute herrian zehar, eta Zubi Nagusira heltzean mugikorrekin argiztatutako argazki bat aterako dute, gainerako herrietan aterako diren argazkiekin batera, aldarria sare sozialetan zabaltzeko.
Bi aldarrikapen nagusi
Sarek nabarmendu duenez, bi aldarrikapen nagusi gailenduko dira aurtengo mobilizazioetan; batetik, urruntze politika amaitzea, eta bestetik, euskal presoei gradu progresioa ezartzeko aukera eskaintzea. Izan ere, azken hilebeteotan hainbat preso hurreratu badituzte ere, oraindik presorik gehienek Euskal Herritik kanpoko espetxeetan jarraitzen dute eta 107k dira lehen graduan.