Hilabeteotan, Udalak dagoeneko hiru bat bider jarri behar izan ditu egurrezko tabla berriak Gaztelekuaren kanpoko aldean, asteburuetan haietako batzuk apurtuta azaldu ondoren.
Azken asteotan zulo handiak egin dituzte bertan, tabla dezente apurtuta. Gainera, zulook zikinkeriz beteta laga dituzte. Eta inguruan kristal pusketak ere badaude lurrean.
Txakurra paseatzen zebilen gazte batek kontatutakoarekin arabera, ez da kiroldegi gaina horrela azaltzen den lehen aldia: "Joan den astean nire txakurrak ebakia egin zuen, kristalengatik. Bestalde, gaur moduan (herenegun) bestetan ere egoten dira txakur-kakak batu barik. Ez dago eskubiderik".
Zuloen ondorioz, Gaztelekurako sarreretako bat erabili ezinda dago, arriskutsua baita. Udaltzaingoak ingurua hesitu egin zuen, inor pasa ez zedin, baina hesia bera ere apurtuta dago.
Horren aurrean, Udalak erabaki du Gaztelekurako sarreran metalezko xafla batekin estaliko dutela, sikiera, Gaztelekurako sarreran segurtasuna bermatzeko.