“Egiten ari naizena nire alabengatik eta etorkizuneko balizko ilobengatik egiten ari naiz. Ez baitiet laga nahi mundu kakaztu hau. Nik iritzi desberdina dut ez besterik, ez naiz negazionista. (…). Birusa egon badago. Gaixotasuna badago. Ospitale batean egiten dut lan eta ikusi egiten ditut gaixoak sintoma jakin batzuekin ospitaleratzen. Baina, hala ere, zalantza handiak ditut gai honekin, hartu diren neurri batzuk ez ditudalako ulertzen eta beste askok ez dutelako oinarri zientifikorik”. Juanjo Martinez zirujauak horrela abiatu zuen atzoko hitzaldia.
Hortik aurrera, ondorengo bost gai nagusiak landu zituen.
Birusa eta pandemia
Lehenik, pandemiaren eta birusaren gainean berba egin zuen. Martinezen ustez, oraingoz ez da harekin behar besteko lanketarik egin, “ez da gaixotasuna sakonean ikertu eta ez dira aplikatu “zientziak eskatzen dituen Koch-en lau pausoak”.
Pandemiari dagokionez, salatu zuen “INEren datuen arabera iaz baino heriotza kopuru txikiagoarekin” amaituko dela urtea. “Birusak ez du izan hasieran esan zuten besteko heriotza-tasa handirik. Iaz baino hildako gutxiagorekin bukatu behar dugu urtea. OMEk (Osasunerako Mundu Erakundeak) %0,6ko hilkortasun tasa aitortzen dio, beste hainbatek %0,3koa (…). Diote Espainian hil direla 47.000 pertsona pandemiarengatik. Hori da Espainiako bizilagunen %0,01a”.
Onartu zuen, hori bai, martxotik maiatzera bitartean heriotza-tasa handitu egin zela baina Egiaren Aldeko Medikuak taldea aipatuz, adierazi zuen hilabete haietako heriotza asko gertatu zirela herritar askori ez ziotelako behar besteko osasun arretarik eskaini, orduan dena zelako COVID-a: “Ebakuntza asko atzeratu ziren… Suizidioak ere ugaritu egin dira esponentzialki”.
Konfinamendua
Bestalde, martxoan ezarritako konfinamendua “akatsa” izan zela uste du Martinezek. “Munduan, Historian, sekula ez dira konfinatu pertsona osasuntsuak. Konfinamenduak estres egoera eragiten du, galarazi egiten du kirola egitea, Naturarekin harremana izatea…”. Horren kontrara, Martinezek Barringtoneko Adierazpena aldarrikatu zuen, bertan proposatzen diren hiru neurriekin bat eginez:
- Konfinamendurik ez.
- Zaurgarrienak babestu, isolatuz. “Badakigu zeintzuk diren. Hil direnen %95a dira nagusiak eta bi patologia baino gehiago zituztenak”. Gainerakoek bizitza normala egin.
- Artaldearen immunitatea. Heriotza-tasa baxua dutenek, gazteek, batik bat, pasa dezatela gaixotasuna. Horrela guztiok egongo gara babestuago.
Komunikabideak
Bestalde, Irungo medikuak hizpide izan zuen zabalpen handiko komunikabideen jokatzeko modua, salatuz gizartean “beldurra zabaltzen” dihardutela eta horrek, besteak beste, pertsonaren sistema immunologikoa “ahuldu” egiten duela.
Martinezen ustez, “komunikabideen portaerak ez du izenik”. Adierazi zuen sarri eskatu dutela debate zientifikoa egitea linea ofizialaren eta desberdin pentsatzen dutenen artean baina beti ukatu dietela aukera hori.
“Seguru badaude ondo egiten ari direla, ze beldur dute beste batzuekin debatitzeko?”, galdegin zuen. “Izugarrizko zentsura dago”, gaineratu zuen, zentsura hori Interneten ere ematen dela salatuz: “Googlen bideo mordoa zentsuratzen dute, Facebook-en…”. Inkisizioarekin konparatu zuen portaera hori.
Maskarak
Maskarei dagokienez, azpimarratu zuen gaur gaurkoz ez dagoela eginda “kalitatezko lan zientifikorik erakusten duenik maskaren erabilera eraginkorra dela birusa ez transmititzeko. Egin diren lanketa gehienak ez dira kalitatezko lanak”.
Gaineratu zuen OMEk berak gomendatu zuela maskara erabiltzea bakarrik “gaixoek eta haien zaintzaileek eta sanitarioek”. Uste du, gainera, maskarak sarri txarto erabiltzen direla eta oro har, maskarek albo ondorioak dakartzatela: begietako infekzioak, ahokoak, dermatitisa… eta “epe ertain-luzera” ondorio kaltegarriak izango dituela, batik bat, “umeengan”. OMEk maskararen erabilera 12 urtetik behera gomendatzen du. Hemen 6 urtetik gorakoei ezarri zaie, eskoletan maskarekin daude…”
Bestalde, kirola maskararekin egin beharra ere okerrerako dela adierazi zuen: “Azidosia eragin lezake”.
Horrekin batera, salatu zuen erakundeek ez dituztela azaldu zeintzuk diren maskaren erabileraren albo-ondorioak, “nahiz eta aukera egon den maskaren erabilerari buruzko ikerketa egiteko, bost hilabete baitaramatzagu maskarak jantzita”. “Zergatik ez da egin?”, galdetu zuen.
Zentzu horretan, birusa aerosolez kutsatzen den teoria ere “zalantzazkoa” iruditzen zaiola azaldu zuen: “OMEk oraindik ez du onartu. Beraz, maskarak ez du balio transmisioa geldiarazteko”.
Martinezek maskaren erabilerari buruz Danimarkan egindako lanketa bat aipatu zuen maskaren eraginkortasun ezaren adibide gisa. Kontatu zuenez, “3.000 laguni maskara jarri zieten eta beste 3.000 laguni ez eta bi taldeen arteko kutsatze-tasaren aldea %0,3koa izan zen, ez gehiago”.
PCRak
Bestalde, SARS-COV-2 koronabirusa (COVID-19a moduan ezagutzen duguna) detektatzeko PCR probei buruz esan zuen ez dutela balio “gaixotasuna diagnostikatzeko”. Adierazi zuen PCR probek positibo eta negatibo faltsuak ematen dituztela eta gainera, beste birus batzuk ere detekta ditzaketela SARS-COV-2-a direlakoan. PCR probei dagokienez, Albarracinen lana irakurtzea gomendatu zuen. Horrez gain, zalantzan jarri zuen azkenaldian ugaritu diren antigenoen proben eraginkortasuna ere.
Txertoa
Azkenik, txertoarekin lotuta, adierazi zuen bere ustez txertoa ez dela “beharrezkoa”. “Jakin beharko litzateke segurua eta eraginkorra den. Ni kezkatzen nauena da erremedioa gaixotasuna baino okerrago izango ote den. 20 urtean ez dute lortu koronabirusari aurre egiteko txertorik eta orain, urtebetean atera egiten dute. Esperimentazio faseak ez dituzte bete. Txertoen probak gazteekin egin dira, ez da frogatu gaixotasuna prebenitzeko balio ote duten; are gehiago, ikusi da ez duela gaixotasunaren larritasuna saihestuko: ZIUak, ospitaleratzeak… Orduan zertarako balio du? (…) Nik ez dut txertorik jarriko”.
Martinezek ohartarazi zuen txertoaren egileek ez dutela bere gain hartu txertoen albo-ondorioen gaineko erantzukizunik eta ardura hori gobernuen gain laga dutela.
Aholkuak
Bukaeran, egoera honi aurre egiteko hiru aholku nagusi eman zituen: norbere burua zaintzea, informatzea eta kontzientziatzea.
Norbere burua zaintzeko, bost aholku nabarmendu zituen: elikadura egokia egitea, ariketa fisikoa egitea, naturarekin harremana izatea, arnasketa kontzientea egitea eta oreka emozionala zaintzea.
Horrekin batera, gomendatu zuen D bitamina hartzea, publikatutako lan askok erakutsi baitute D bitamina lagungarria dela SARS-COV-2-ari aurre egiteko. “Hemen eguzki ordu gutxi ditugu, baina D bitamina salgai dago”. Ondo lo egitea,C bitamina hartzea, Burdina, Zinka eta Selenioa hartzea eta OMEGA 3 hartzea ere gomendatu zituen.
Bukatzeko, azpimarratu zuen berak bere “egia” kontatzen diharduela: “Ez dut inor konbentzitu nahi. Bakarrik nik dudan informazioa transmititu nahi dut. Ingurukoak, (alkatea, zinegotziak…) kontzientziatu beharko genituzke, jakiteko eurek zer pentsatzen duten gertatzen ari denaz; horrekin batera, inguruko jendea lasaitzen ahalegindu behar gara, ez baitago esaten duten gain heriotza-tasarik”.
Amaitzeko, ohartarazi zuen egoerari buelta ematea jendearen esku dagoela: “Hau gelditzeko etorri da. Bizitza guztia maskarekin egon beharko dugu, etxeratze-aginduekin, talde txikietan elkartuz… Hau ez da aldatuko baldin eta geuk ez badugu aldatzen”.
Hitzaldiaren ondoren, hainbat entzulek galderak egin zizkioten. Azkenean, 21:00ak inguruan bukatu zen ekitaldia. Hitzaldiak agerian laga zuen herritar askok kezka handia duela gaiarekiko.