Hasi dira bide berriko obrak

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 28a, 12:32

Gipuzkoa etorbideko obrak.

Herenegun, abenduaren 26an, hasi ziren herri barruko pasabide berria egiteko hondeatze-lanak. Dagoeneko, ikusgarriak dira emaitzak, mendiari zati ederra kendu baitiote. Bide berriak Gipuzkoako etorbidea eta Mesedeetako zaharren egoitza lotuko ditu, bi esparruen arteko irisgarritasuna hobetuz eta herriarendako pasabide berria irabaziz. 

COVID-19 dela eta, abendu hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak presazko deialdia egin zien Udalei, hirigintza proiektu “eraldatzaileak” aurkezteko. Soraluzeko Udalak Gipuzkoa etorbidekoa aurkeztu zuen eta Diputazioak onespena eman zion egitasmoari, “herri barruko irisgarritasuna nabarmen hobetzen duelako, gainera, berez, periferiko samarrak diren bi auzune lotuz”, Aldundiko Mugikortasun Sailetik esplikatutakoaren arabera.

Soraluzeko proiektuarekin batera, beste sei proiektu onartu ditu: bi Donostian eta bana Irunen, Aretxabaletan, Berrobin eta Idiazabalen. Proiektuek %65ko dirulaguntza jasoko dute diputazioarengandik.

Ia 400.000 euro

Udal iturriek helarazitako informazioaren arabera, Soraluzeko pasabide berriak 390.212,65 euroko aurrekontua du (BEZa aparte) eta gauzatzeko 7 hilabeteko epea. Obrak hasita diren arren, gaur goizetik hasita (astelehena) datozen hamabost egunetan proiektua Kontzejupean egongo da ikusgai, zehatzago ezagutu nahi dutenentzat. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.