Juanjo Martinez: "Hitzaldia zuzenduta dago Covidaz bestelako informazio eta ikuspegi ofizialak ezagutu nahi dituenari"

Egoitz Unamuno 2020ko abe. 29a, 10:20
Juanjo Martinez medikua.

Herritar talde batek antolatuta Covid-19aren eta osasunaren inguruan jardungo du gaur Juanjo Martinez digestio-aparatuko eta orokorreko zirujauak. Hitzaldia 18:30ean hasiko da, Herriko Antzokian. 

Hizlari izango den Juanjo Martinez medikuaren esanetan, "hitzaldia zuzendua dago bestelako informazio eta ikuspegi ofizialak ezagutu nahi dituen edozein pertsonari, eta, batez ere, egoera honetan beldurrez dagoen jendeari". Martinezen ustez, agintari eta komunikabideek "beldurraren diskurtsoa" zabaldu dute herritarren artean eta bere ustez, garrantzitsua da epidemiaren aurrean hartu beharreko beste jarrera bat lantzea: "elkar zainduz, lasaitasuna transmitituz, gure iritzia emanez...". 

Martinezek Covid19-aren inguruko hainbat gai izango ditu hizpide hitzaldian, besteak beste: "birusa eta gaixotasunaren arteko aldea, maskararen erabilera umeengan eta kirol jardueretan, PCR frogen gaineko azken albisteak, txertoaren beharrezkotasunaren ingurukoak...". Horrekin batera, "gure osasuna zaintzeko egin dezakegunaren gaineko hainbat jarraibide" ere emango ditu, "Covid-az gain beste gaixotasun batzuei aurre egiteko lagungarri izan daitezkeenak". 

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Martinezek hitzaldia gazteleraz eskainiko du.