Euskal Gospelik onena gaur zuzenean antzokian

Egoitz Unamuno 2020ko abe. 27a, 09:23

Goiko Gela laukoaren emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da antzokian eta euren kanta propioez gain, euskarazko adaptazioak eta ingelesezko jatorrizkoak ere interpretatuko dituzte.   

Goiko Gela gospel talde donostiarra da. Jon Imanol Etxabe, Karlos Etxaniz, Santi Romano eta Olatz Otxoaren ahotsek osatzen dute, Iñaki Miguel pianistaren zuzendaritzapean. Gospela euskaraz eta ingelesez egiten dute, 'southern gospel' zaporearekin. 

Emanaldirako sarrerak antzokiko lehiatilan eskuratu ahalko dira, arratsaldeko 18.30etik aurrera, 10 eurotan. 

"Beste dimentsio batera eramaten zaituen zerbait magikoa da"

'Oihua da nire deia' edo 'Zoriontasunaren bila' kantak interpretatzen dituzte. "Gure abestiek bizitzari, itxaropenari, anaitasunari eta mundu hobe bati  buruz hitz egiten dute; baita eguneroko arazoei eta horiei aurre egiteko moduari buruz ere, betiere ikuspegi espiritual batetik", adierazi dute.

Taldeak euskarara moldatutako abestiak ere interpretatzen ditu, adibidez, 'Oh  Happy Day' ospetsua, orain 'Egun alaia' izenekoa. 'Sixteen tons', Golden Gate Quartetarrena, orain 'Hamasei tona' dena, edo 'Down by the riverside' gospel kanta tradizionala, orain 'Erreka ertzean' dana. "Egin dugun lan ederra eta interesgarria da -euskarara modatu izana-, eta orain ingelesa ez dakiten euskaldunek esanahia ulertu ahal izatea. Gainera, kantuek zoragarriak dirudite". Eta nola ez, Goiko Gelak gospeleko klasiko batzuk ere interpretatzen ditu bere jatorrizko hizkuntzan. Elvis Presleyren 'He touched me', Doris Akersen 'Sweet, sweet spirit' edo Kris Kristoffersonen 'Why me Lord?' bezalako abestien kasua da. 

Taldeko kideek azaldu dutenez, "gospel musika genero espiritual leherkorra eta ñabarduraz betea da. Gospelean, beltzen bluesa eta soula zurien countryarekin nahasten dira. Beste dimentsio batera eramaten zaituen zerbait magikoa da", esan dute, eta "kontzertura joaten direnek asko gozatuko dute, baita genero horri buruzko gauzak ikasi ere", gaineratu dute.