Abendua | Efemerideak IV

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 27a, 09:05

Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira.

Urteurren benetan esanguratsuak dakartza Sorapediak abenduko laugarren astean: Plaza Berriko iturriarena, Olentzerorena eta Mari Domingirena zein Elosua-Soraluze estazio megalitikoaren aurkikuntzarena.

Abenduaren 23

1830 urtean Ipiñarrietako iturburuko emaria neurtu zuten, Plaza Barriko iturria egiteko.
Lagun ugari bildu ziren bertan: udalekoak, kontratista, baserriko maizterra... Eskuzko erlojua erabiliz neurtu zuten, orduko 7.800 koartilokoa (ia 4.000 litro orduko).
1831 urtarrilak 9an Udalak aurrera egitea erabaki zuen, maiatzak 5ean hasi ziren lanak eta sei hilabete geroago, urriak 22an, ura iturriraino heldu zen, 1.336 metrotako bidea egin ondoren.

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Abenduaren 24

Natibitateren bezpera.
Urteetan mutil edota gizon taldeak kalez kale gabonetako kantuka. Gerra aurrean neska koadrilak ere jaiotzekin ibiltzen ziren. Gaur egun Pil-pileanek Olentzero eta Mari Domingiren kalejira antolatzen du, eta Ezoziako Ama abesbatzak ere bere kalejira egiten du.

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Abenduaren 26

San Esteba eguna.

Bazen Soraluzen usadio zaharra Irureko San Esteban ermitarekin lotuta. San Esteban egunean amek bere ume negartiak ekartzen zituzten ermitara; bertan errezatu eta kandela piztu era gero, umeak baretzen omen ziren, negarrak bukatuz.

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Abenduaren 26

1795 urtean Soraluzeko Pedro de Aldazabal armagilea Véjer de la Fronterako Josefa Pérezekin ezkondu zen, Cádizeko Isla del Leónen.

Konbentzio gerra zela eta, Soraluzetik Cadiz aldera jo zuen, eta La Carraca-n lanean hasi zen. Ostera, Jerez de la Frontera eta Ceutatik pasa eta gero, Ripollen Ripolleko (Girona) Arma Lantegian egin zuen lan, maisu aztertzaile moduan.

Andrea eta biok urtebeteko aldearekin hil eta gero (1820 eta 1821), Pedroren arrebak (Manuela de Aldazabal) Soraluzera ekarri zituen Pedro José eta María Angustias Inés seme-alabak.

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)

Abenduaren 26

1920 urtean José Miguel Barandiaránek, José Ignacio anaiak lagunduta, Irukurutzerako txangoa egin zuen, eta hainbat trikuharri eta tumulu topa zituzten, Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen zutela. Hurrengo egunotan Eusko Ikaskuntza jakinaren gainean jarri zuten.

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)