Gaur, 100 urte dira Jose Migel Barandiaran Irukurutzetara etorri zela

Sorapedia 2020ko abe. 26a, 09:05
Jose Migel Barandiaran Aizpuruko Zabalan.

Gaur, abenduaren 26an, 100 urte bete dira Jose Migel Barandiaran eta haren anaia Jose Inazio Irukurutzetan ibili zirela eta Elosua-Soraluze mendietako estazio megalitikoa aurkitu zutela.  

Aurretik, Aizkorri eta Aralar inguruan ibili zen industen, Telesforo de Aranzadi eta Enrique Eguren lagunekin.

Ez dakigu zeinek eman zien gure herriaren berri, baina 1920ko Gabonetan, abenduaren 26an, Jose Migel Barandiaranek eta Jose Inazio anaiak txangoa egin zuten Irukurutzetara eta Elosua-Soraluze mendietako estazio dolmenikoa aurkitu zuten.

Hurrengo egunetan, aurkikuntza horren berri eman zioten Eusko Ikaskuntzari eta hiru lagunek -Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek- erabaki zuten hurrengo udan trikuharriak industera bertaratuko zirela.

Lan horiek prestatzeko, udaberrian, beste txango bat egin zuen Jose Migel Barandiaranek, Carlos Orueta doktorearekin batera -1921eko ekainaren 2an-. 

Carlos Oruetaren eta Eugenio Arrillaga abadearen argibideei esker, konturatu ziren aurrenengo indusketan ikusi ez zituen beste trikuharri batzuk ere bazeudela: Atxolin, Atxolin-txiki, Aizkoin eta Aizpuruko-Zabala.

Indusketak

Ekainaren 30ean, eguena, Aranzadi, Barandiaran eta Eguren Elosuara joan ziren, eta, astebetez industen jardun ondoren, uztailaren 10ean joan egin ziren. 

Indusketak egiteaz batera, egunerokoa ere idatzi zuten. Bertan jaso zituzten egindako laneak, hartutako oharrak eta marraztutako krokisak. Hainbat argazki ere atera zituzten.

Hurrengo urtean, berriz, -1922- egunerokoa argitaratu zuten, azalpenekin, marrazkiekin eta argazkiekin osatuta. 

Gaur eguneko egoera

Ordutik hona, beste bi megalito topatu dituzte, biak Bergarako lursailetan: Egizabalko Muñoa (1980) eta Frantsesbaso (2001).

2012an, berriz, Arbasoak izeneko egitasmoa abiarazi zuten. Soraluzeko Udalarekin batera, Bergarakoa eta Elgoibarkoa ere ekimeneko kide ziren.

Bestalde, azken urteotan, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, lan dezente egin dituzte Dolmenen Ibilbidean: Arribiribileta menhirra zuzendu, Keixeta Egia Hegoaldea dolmena berreraiki eta Atxolin Txiki II zista aurkitu. 

Horrekin batera, Agerreburu, Aizpuruko Zabala, Frantsesbaso, Gizaburua, Irukurutzeta eta Sabua induskatu eta txukundu dituzte.

Horrez guztiaz gainera, estazio megalitikoa seinaleztatu egin dute; bisita gidatuak antolatu, aurkezpenak antolatu, argitalpenak…

Udako saila

Azkenik, urteurren horren garrantzia dela-eta 2021eko ekaina-uztailean Plaentxia.eus-ek Aranzadiren, Barandiaranen eta Egurenen egunerokoa argitaratzeko asmoa dauka, egunean egunekoa. Egunerokoaren lagungarri izango diren testu laguntzaileak ere argitaratuko dituzte.