Tradizio bihurtu da

Egoitz Unamuno 2020ko abe. 23a, 14:02
Olentzero Plaza Barrixan gutunak batzen, 2008an. (Artxiboko irudia)

Aurten hogeitalau urte bete dira Pil-pileanek Olentzero herriko plazara atera zuenetik (25. aldia). 1996ko abenduaren 24an izan zen, arratsaldeko 17:30ean. Egun horretan, Olentzerok Soraluzeko umeen gutunak jaso zituen Plaza Berrian. Huraxe izan zen gerora urte luzetako ibilbide arrakastatsua ekarri duen ekimenaren lehen saioa.  

Aurretik, Soraluzeko Ametsa Ikastolak ezagutarazia zuen Olentzeroren tradizioa herrian eta Urakapin kultur taldeak ere antolatu zituen zenbait ekimen puntual 80ko hamarkadan. Baina, 96an, oraindik ere, Olentzeroren tradizioak indar gutxi zuen herrian; giro politiko gatazkatsuak ez zuelako laguntzen euskal kutsuko tradizioak gizarte osora zabaltzen eta, batez ere, oraindik tradizio bihurtu gabeko ekimen berria zelako. 

2004an, Mari Domingi 

2004ra arte, abenduaren 24an Olentzerok bakarrik jasotzen zituen umeen gutunak, baina urte horretan, Euskal Herriko beste herri askotan bezala, lehen aldiz agertu zen Mari Domingi herriko plazan. Herrian, naturaltasun handiz onartu zen emakumezko pertsonaiaren figura berria; zalantzarik barik, onarpen horretan asko lagundu zuen ordurako herriko ikastetxean egina zuen ibilbideak.  

2007an, etxola plazan

2007an, beste osagai garrantzitsu bat gehitu zitzaion ekimenari: plazako etxola. Euskaltzale batzuen eta Pil-pilean elkartearen ekimenez, ordura arte plazan jartzen zen pinua ordezkatu eta barruan bi pertsonaiak jaso zituen egurrezko etxola ezarri zen. Hasieran, kontrako iritzi zenbait jaso zituen arren, etxolak laster lortu zuen onarpen zabala herritarren artean. Izan ere, urtez urte ezarri dizkioten osagaiek eta urtero muntaiari eman izan dioten izaera tematikoak ukatu ezineko xarma eta indarra eman diote ekimenari. Gainera, 2015etik, Udalaren eskariz, pinu txiki bat gehitzen zaio etxolari.

2008an, kalejira     

2008an, Kukumixo aisialdi talde sortu berriak heldu zion Mari Domingi eta Olentzeroren ekimena antolatzeari eta horrek jauzi garrantzitsua suposatu zuen ekimenarentzat. Lehen aldiz antolatu ziren zubiko harrera ekitaldia eta kalejira. Gutunak batzearekin batera opariak banatzen ere hasi ziren. Gerora etorri ziren gurdia eta idiak, Galtzagorrien antzerkia, gutunak kiroldegiko frontoian jasotzea, kantua, Amalurraren opariak umeendako liburua eta beste zenbait osagai. Guzti horien batura da gaur egunekoa. 

Gakoak: balioak eta elkarlana 

Tere Guenetxea eta Maite Quintanillak urte luzez dihardute ekimena antolatzen eta euren ustez bi dira urte guzti hauetan ekimenak izan duen bilakaera arrakastatsua ulertzeko gako nagusiak: "balioak eta elkarlana". “Intentzio guztiarekin landu ditugu euskalduntasuna, feminismoa, kulturartekotasuna eta beste zenbait balio, eta horrekin batera, elkarlana bideratu dugu herriko eragile askorekin: musika eskola, dantza taldea, abesbatza, bertso eskola, gurasoen elkartea, Udala, brigadako langileak… Guztiei esker lortu dugu Soraluzen Mari Domingiren eta Olentzeroren tradizioa errotzea eta urtero sekulako ume mordoari ilusioa piztea. Gainera, belaunaldi berriak ere lotu dira antolakuntzara eta ekimenak osasun ona dauka”.