Gabonetako egun seinalatuetan, saltokiek eta tabernek 18:00etarako itxi beharko dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 22a, 19:38

Gaur arratsaldean, eguaztena, Gabonetarako hartutako neurriak gogortu egin behar dituztela iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Adibidez, abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an dendek eta tabernek eta jatetxeek 18:00etarako itxi ibeharko dute. Bestalde, egun seinalatuetan, etxeratze-agindua ordubetez aurreratu eta 00:30ean ezarri dute.

Abenduaren 24an, 00:00etan sartuko da indarrean neurri berriak jasotzen dituen dekretua. Honakoak dira neurriok:

  •  Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean, zirkulazio-muga 00:30ean ezarriko da. Helburua da pertsonen bilkuretarako denbora eta mugikortasunerako ordutegiak ahalik eta gehien mugatzea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko konfinamendu perimetrala 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitartean altxatuko da. Urte amaieraren inguruko murrizketak areagotu egin dira, ospakizun honen inguruko mugikortasuna ahal den neurrian saihesteko.
  • Abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean, urteari agurra eta sarrera emateko bazkariak eta afariak egiteko familia-bilkurak, asko jota, sei lagunekoak izan ahalko dira. Gabon-gauean hain murriztailea ez den eredu bat aplikatzen dugu, arrisku handiagoko gizarte- eta familia-interakzioak saihesteko.
  • Abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1, 5 eta 6rako, mota guztietako merkataritza, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak 18:00etan ixtea, farmazien, zerbitzuguneen eta gasolindegien kasuan izan ezik. Egun horietako azken orduko erosketetan pilaketak saihestu nahi ditugu, baita egun horietako azken orduetako tabernetako jende pilaketa tradizionalak ere.
  • Abenduaren 25erako eta urtarrilaren 1erako eta 6rako zehaztea merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak ezin izango dira 09:00ak baino lehen ireki. Etxeetako jaien balizko luzapena 06:00etako establezimenduen irekierarekin konektatzea saihesten saiatzen gara.
  • 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean, kanpinen kasuan, debekatuta egongo da abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak onartzea. Urte amaierako jaiak antolatzeko saiakerak antzeman dira, bungalowak eta kanpinekin lotutako beste zerbitzu batzuk alokatuz. Praktika hori prebenitzen saiatzen ari gara.
  • Debekatuta dago 2020ko abenduaren 31ean eta 2021eko urtarrilaren 1, 5 eta 6an kotilioiak edo oturuntzak egitea hotel, landetxe, kanpin edo beste edozein establezimendutan, espazio komunetan, zein gela, bungalow edo apartamentuetan. Jatetxe-zerbitzua duten establezimenduetan, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, 20:00etatik aurrera, bertan ostatu hartu eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei soilik zerbitzatu ahal izango zaizkie afariak, eta 23:30ak baino lehen hustuko dira jantokiak. Bazkarietan eta afarietan ezingo da inolaz ere mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago izan, eta edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, aginduok jasotzen dituen dekretua bihar argitaratuko dute eta abenduaren 24ko gauerdian sartuko da indarrean. Sailburuak esplikatu duenez, besteak beste, “pandemiak goranzko bilakaera izan du gure inguruko herrialdeetan eta komunitateetan, eta birusaren andui berri bat identifikatu da Erresuma Batuan. Gogoeten esparru horretan, bai LABIren Batzorde Teknikoak bai LABIren Aholku Batzordeak abenduaren 10eko Dekretuan aurreikusitako neurriak doitzeko proposamena onartu dugu. Urte amaierari lotutako ospakizun motak eragindako kezkak markatzen du doikuntza hori (...) Ongi goaz, baina ez gaude ongi", gaineratu du

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.