50 bat urteko txirrindularia zauritu da goizeko istripuan, eskoriatzarra. Julian Ezenarrok kontatu du gertatutakoa: “Goitik behera gentozela, garabi bat zeraman kamioia ikusi dugu gora zetorrela. Bidean baztertu eta gelditu egin gara, kamioia pasa zedin. Halako batean, kolpea entzun dugu autoaren atzeko partean. Txirrindulari bat zen, autoaren kontra kolpea hartuta. Esan duenez, ez da konturatu autoa geldi zegoenik. Kolpea hartu du, batik bat, mokorrean. Udaltzaingoa eta anbulantzia etorri dira eta eraman egin dute”.
Gertatutakoa baliatu nahi du Julian Ezenarrok errepide zati horrek duen arriskuaz ohartarazteko: “Bide hori berez da arriskutsua. Gu, adibidez, egunero igotzen gara mendira eta beti joaten gara argi luzeak piztuta, baita udan ere. Izan ere, gidari eta txirrindulari askok ez dute errespetatzen bertako abiadura-muga. Ipintzen du San Andrestik gora 40 km/h-koa dela abiadura-muga, baina zenbatek errespetatzen du hori?”.