Hezkuntza sailburua zaharberritutako Institutua bisitatzen izan da

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 18a, 19:36

Gaur, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaria Institutua bisitatzen izan dira, egin diren zaharberritze obren emaitza bertatik bertara ikusten. Batik bat, estali berri duten frontoiaren itxura onak eman die arreta. Institutuko zuzendaritzako kideek, berriz, adierazi diete “gustura” daudela obrarekin.

Frontoira iritsi eta erakundeetako ordezkari guztiak elkartu bitartean, estali berri duten frontoiari erreparatu diote Eusko Jaurlaritzako bisitariek, Iker Aldazabal alkatea, Veronica Galarraga Hezkuntza zinegotzia eta Mikel Leunda teknikari-burua lagun zituztela. 

Ondoren, Institutuko Edurne Burgoa zuzendariaren eta Amaia Ezenarro ikasketa-buruaren azalpenek lagunduta, ikastetxe barrura sartu eta berrikuntzak ikusi zein ikastetxean egindako berrantolaketa ezagutu dute. 

"Gustura eta pozik"

Estalitako frontoiaz aparte, ikusi dute ikastetxearen lehenagoko gimnasioaren lekuan Teknologia gela, bulego bat eta igogailua egokitu dituztela; ikastetxe goitik behera margotu eta bertako azpiegiturak (ateak, leihoak, komunak…) berritu egin dituztela; eraikinaren irisgarritasuna bermatzeko egokitzapenak egin dituztela, hezetasun arazoak konpontzeko obrak egin, eta, besteak beste, goiko solairuan egin dietela lekua Idazkaritzari, Orientazio zerbitzuari eta laborategiari. 

Institutuko zuzendaritzako ordezkariek adierazi diete pandemiak, obrek eta bestelakoek eraginda, Institutuko erabiltzaileendako urte gogorra izan dela, baina orain “gustura” daudela obraren emaitzarekin. 

Kontatu diete ikasleak eurak ere “pozik” daudela berritasunekin eta espero dutela eraikina berri-berri ikusteak gazteengan ikastetxea zaintzeko gogoa handitzen eta ikasteko jarrera hobetzen lagunduko duela.