Olentzerorengana eta Mari Domingirengana joateko gonbidapenak

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 18a, 08:35

Abenduaren 23ra arte, Iratxo Goxo-dendan eskura daitezke Olentzero eta Mari Domingi ikustera joan ahal izateko gonbidapenak. Aurten, pandemia egoera dela-eta, derrigorrezkoa izango da gonbidapena erakustea kiroldegiko frontoira sartu ahal izateko.

Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi 10:00etatik 14:00ak arte izango dira kiroldegian, ume soraluzetarrak hartzen. 

Guztien segurtasuna bermatu nahian, umeei eskatu diete adinaren arabera sailkatutako taldetan bertaratzea.

Hona ordutegiak eta taldeak:
 

  • 10:00etan, Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailak;
  • 10:45ean, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailak;
  • 11:30ean, Haur Hezkuntzako 3. eta 4. mailak;
  • 12:15ean, Lehen Hezkuntzako lehen mailakoak eta Haur Hezkuntzako 5. mailakoak;
  • 13:00etan, 0-2 urteko umeak;

Laguntzaileak

Gurasoei edo helduei dagokienez, berriz, Lehen Hezkuntzako lehen mailara arteko umeei (hauek barne) barruraino lagundu ahal izango diete, baina LH2tik aurrerakoak, berriz, bakarrik sartu beharko dira kiroldegira. Edozelan ere, antolatzaileek gogora ekarri dute “Kukumixoko lagunak eta Guraso Elkarteko guraso jatorrak” bertan izango direla laguntzeko.

Argazkiak guztientzat

Umeak kiroldegira sartu ahala, aulki batean eseriko dira eta Olentzerorengana eta Mari Domingirengana gerturatzeko txanda itxarongo dute. Tokatzen zaienean, gutuna zakutxo batean sartuko dute eta oparia jaso. Aldi berean, argazki bana aterako diete guztiei, Plaentxia.eus atariaren bitartez argitaratzeko. Hartara, ume guztiek izango dute oroitzapenerako argazkia eskuratzeko aukera. “Norbaitek ez badu argazkirik nahi, abisatu, mesedez”, adierazi dute.