Tripontziaren boletoak salgai herrian

Egoitz Unamuno 2020ko abe. 16a, 12:28

Tripontziaren boletoa.

Gure Eskuren urteberriko sariak 52.000 euro zozkatuko ditu aurten eta Soraluzeko Gure Eskuk zozketarako boletoak salgai jarri ditu herrian. Barikuan mahaia jarriko dute Plaza Barrixan. 

Gure Esku dinamikak Tripontzia zozketa antolatu du Gabon sasoiaren bueltan. Guztira, 52.000 euro banatuko dituzte saritan eta irabazien zati bat euskal kulturgintzako proiektu bat laguntzera bideratuko dute. Soraluzeko Gure Eskuk boletoak jarri ditu salgai (5 eurotan) herriko hainbat saltokitan: Gaztelupe tabernan, Marimar harategian, Txuritxu gozotegian eta Txurruka jatetxean. Zozketaren emaitza urtarrilaren 18an jakinaraziko dute.

Barikuan, mahaia plazan

Bariku honetan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, Soraluzeko Gure Eskuk Tripontziaren boletoak saltzeko mahaia jarriko du Plaza Barrixan, eta horrekin batera erreferendumaren aldeko sinadurak jaso eta materiala ere salduko dute. Gainera, aurreko urteetan arrakasta handia izan duen urdaiazpikoaren porra ere egingo dute, zeinetan parte hartzaileak asmatu beharko duen udaiazpikoa zein alturatan dagoen. Porra horretan batutako dirua Soraluzeko Gure Eskuren jarduna finantziatzeko erabiliko da.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.