"Bizitzan ez dugu zauritzeko beldurrik izan behar"

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 15a, 17:28
Itxaso Cenzual liburuarekin. Argazkiak: Fernan Oregi eta Itxaso Cenzual

Itxaso Cenzual Ansolak (Soraluze, 1988) Cicatrices que acabaron siendo palabras liburua argitaratu du Letrame argitaletxearekin, martxoan. Bizitzako hainbat momenturen eta bizipenen hausnarketa-bilduma da liburua. Soraluzetarra irakaslea da lanbidez, baina umetatik izan du gustuko idaztea.

Izenburua ikusita, badirudi minen batetik eratorri dela zure liburua... 

Beldur handiagoa ematen dit bizitzatik inongo bizipenik gabe pasatzeak

Bizitzan bizitzen ditugunak orbainak dira. Zauriak orbain bilakatzen dira eta ez ditugu ahaztu behar. Baina bi modu daude gogoan izateko: orbaina polit ikustea edo, hura ikustean, oraindik mina sentitzea. Bizitzan ez dugu zauritzeko beldurrik izan behar; niri beldur handiagoa ematen dit zauririk ez izateak, bizitzatik inongo estropezu edo bizipenik gabe pasatzeak. Baina bizitzan, gauza askok barrutik ukitu naute eta horiei bukaera polita emateko nire erreminta hitzak izan dira. Hori guztia ateratzeko eta beste batzuei lagundu ahal izateko mekanismo onena idaztea da.

Bullyingarekin kezka berezia duzu; hori ere azaltzen da liburuan, ezta? 
Bai, badago testu bat ni umeari idatzitakoa. Hau da, norbait etorkizunetik etorri eta ni umea nintzenean, niri berba egingo balit bezala. Ume horri esaten diot ez dela erraza izango, gauza askoren aurrean amore emateko gogoa izango duela. Esaten diot ez diodala gezurrik esango, gogorra izango dela. Baina esango diot, baita ere, harro sentituko naizela beraz, mendi altuenen gailurrera igotzeko kapaza izan delako eta bertatik bistak desberdinak direla ikusiko duela.

Diozunez, halakoengatik egin zinen irakasle...

Gizarte honetan oso berekoiak gara

Bai, halako egoerak saihesten laguntzeko. Baina denborarekin konturatzen zara gizarte honetan ez dugula esku-hartze handiegirik. Oso berekoiak gara. Zerbait oso pertsonala ez bada, inor ez dago prest beste norbaitengatik sufritzeko. Uste dut, gainera, koronabirusarekin are berekoiago bilakatu garela.

Zure liburua lagungarri gerta daiteke zenbait egoerari aurre egiteko? 
Liburua irakurri duten askok esan didate askok sentitzen duten eta adierazteko gauza ez den hori kontatzeko dohaina dudala. Halakoak entzutean, nire testuek zerbaitetarako balio dutela uste dut. Nire liburua mesanotxean izateko da, tarteka irakurtzen joateko, momentuko bizipenen arabera. Martxoan argitaratu zenuen liburua, baina dagoeneko jaso dituzu kritika batzuk, hortaz. Bai, gainera 150 ale erosi nituen eta saldu egin dira, merchandaisingik egin gabe. Amak Soraluzen piloa saldu zituen. Ez nuen espero. Dena den, ni txikitik hasi naiz eta gero ikusiko dugu.

Non eros daiteke? 
Pertsonalki eskatu ahal didate, Instagramen mezu pribatua idatzita edo nire gurasoen bitartez. Interneten nire izena sartuta ere agertzen da. Dendetan erosiz gero, askoz gutxiago ordaintzen didate.

Orain, liburua idatzi duzu, baina txikitatik duzu idazteko ohitura, ezta?

Bizitzako egoera gogorrei aurre egiteko erremintak dira hitzak

Umetatik. 10 bat urterekin idatzi nuen lehen egunerokoa eta harrezkero ez diot idazteari laga. Hitzak nire erreminta dira, batik bat, bizitzako egoera gogorrei aurre egiteko.

Bigarren liburu bat, bai? 
Batek daki. Materiala badut, behintzat. Beti daramatzat arkatza eta papera, ideiak burura datozenean ez ahazteko. Bigarren liburua? Zergatik ez? Idazteaz gain, bestelako esparru askotan ere badiharduzu... Moda eta bidaien bloga izan nituen. Kanbodian bizi izan nintzen, boluntario, ingelesa erakusten umeei. Orain, Instagramen nago. Pentsatzen nabil hor bigarren kontu bat zabaltzea, liburuan zentratzeko edo poema-argazkiak argitaratzeko...Eta beste kontua (Instagramekoa) niretzat lagatzea. Gainera, nire ustez, sare sozialek, batzuetan erakusten dute norbere burua onartzeko besteen onespena behar dugula. Horregatik, sare sozialetan ibili banabil, baina errespetuz.

Zela definituko luke bere burua Itxaso Cenzualek?

Saltseroa. Beti esan izan didate erraztasun handia dudala berba egiteko eta jendearengana iristeko. Baina denetik egiten dut. Izan ere, gauza berriak probatzeko ez dut beldurrik. Hori aberasgarria da. Bizitzan norbere pertsona eta nortasuna osatzen segitu behar dugu, abenturak bizitzen...