Zubi Nagusiko aparkalekuak sarri egoten dira okupatuta zamalanak egitera ez datozen ibilgailuengatik. Horren ondorioz, zamalanak egitera etortzen diren kamioi edo furgoneta gidariek ahal duten lekuan lagatzen dituzte ibilgailuak, udaletxe parean gehienek, zubiko sarrera ez oztopatzeko.
Auto-pilaketak ia egunero
Horrek, zubian auto-pilaketak sortzen ditu eta gainera, zubira ematen duten etxebizitzetako bizilagunen kexu asko eragin ditu. “Kamioiak etxeen leihopean aparkatzen dituzte, sarri motorra piztuta dutela, horrek zarata eta kea sortzen ditu eta bizilagunak kexu dira; baina batez ere, kamioiendako aparkalekuak libre ez egoteak auto-pilatzeak sortzen ditu zubian ia egunero; gainera, hori da herriko sarrera nagusia”.
Udaltzaingotik jakinarazi dute, egoera birbideratu nahian, azken egunotan isunak ipintzen ari direla. 40 eurokoa da gutxieneko isuna; 200 eurokoa, berriz, arau-haustea behin baino gehiagotan egiten dutenendako.