1.080 euroko pentsioen aldarrikapenari eusten diote

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 14a, 18:04

Toledoko Itunak babestu ez duen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu du berriro ere Pentsiodunen Mugimenduak. Bestalde, Espainiako Gobernuak onartutako aurrekontu orokorrak “kritikatu” egin ditu, bertan jasotako “pentsioen igoera oso txikia” izan delako.

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduk kideak ez daude konforme pentsio publikoekin lotuta Toledoko Itunak zein Espainiako Gobernuak hartutako erabakiekin. 

Toledoko Itunari dagokionez, dio, besteak beste, “mesprezatu” egiten dela “pentsiodunen mugimenduak egindako erreklamazio masiboa”: gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezartzea.  

"Miseriazko pentsioekin"

Espainiako Gobernuaren aurrekontu orokorrean jasotakoari buruz, berriz, besteak beste, salatu dute bertan onartutako “pentsioen igoera oso txikia” izan dela, “batez ere kontribuzio-mailako txikienei eta kontribuzio-mailakoak ez direnei dagokienez, eta, ondorioz, Estatuan milioika pentsiodunek – ehunka mila EAEn eta Nafarroan – pentsio oso baxuekin edo miseriazkoekin jarraitu behar izan dute”.

Salatu dute, baita ere, “LGSren igoera kontuan ez hartzeak milioika langilek 950 euroko gutxieneko soldata jasotzea” dakarrela, “baita horietako askok gutxiago ere”. 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzarendako ere badute eskaera, jakinda laster aurrekontua onartuko duela. Adierazi dute ”1.080 eurorainoko pentsioen osagarriari dagokionez, pentsio baxuenei mesede egingo” liekeela, “batez ere emakume pentsiodunei”.