Pozik gabonetako azokak eman duenarekin

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 13a, 18:08

Eguraldia lagun izan ez arren, Gabonetako azokan parte hartu zuten artisauak eta baserritarrak gustura daude atzokoak emandakoarekin. “Oso ondo” irten zela esan zuten ekimena amaitzean. Gainera, ohi baino artisau eta baserritar gehiagok jarri zuten saltokia, hainbatek bakarrik Gaztañerre azokan ipini izan dute saltokia. 

Plaza Zaharra alderik alde bete zuten Gabonetako azokan parte hartu zuten eskulangileek. Zapatu normal batean eta bestetako Gabonetako azoketan baino partaide gehiago izan zen atzo, bai baserritarren eta baita artisauen aldetik ere. Izan ere, saltokia urtean behin edo bakarrik Gaztañerre azokan ipintzen duten hainbat herritarrek ere parte hartu zuen atzokoan.

“Gaztañerre azoka egon ez dela-eta erabaki dugu gaur ipintzea”, esplikatu zuen, adibidez, Munetako otar-egile eta saltzaileak. 

Amaia Amor artisauak ere bakarrik urtean behin ipintzen du saltokia eta atzo ipintzea erabaki zuen. Pozik bukatu zuen jarduna: “Nahiz eta oso giro txarra egin goizak itxura oso ona ez izan…gero oso ondo”.

"Denontzako oso ona"

Salmenta aldetik, denetarik izan zen, noski. Baina, oro har, emaitza modu positiboan baloratu dute: “Giro alaia egon zen nahiz eta eguraldia txarra izan. Uste dut denontzako izan zela oso ona. Jendea errespetu handiarekin ibili zen, baita gu ikusteko zain ere”, kontatu du Kilikilimako Idoia Cachok.

“Aurreko urteetan baino salmenta gutxiago baina pandemia eta eguraldia kontuan hartuta, oso pozik”, gaineratu du Lorea de Castrok. 

Azkenik, beste adibide bat jartzearren, Nuria Murok “Gaztañerre egun baten moduan” saldu zuela kontatu du.