Gogotsu zabaldu dituzte

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 12a, 13:44

Gaur goizean, zapatua, “pozik eta gogotsu” zabaldu dituzte tabernak, hilabete pasa itxita egon ondoren. “Urduri” ere bai, esan dutenez. Bezeroei dagokienez, haiek ere gustura hartu dute tabernen irekiera, “horrenbeste denboraren ondoren”, hainbaten esanetan.  

Gaur, baldintza zorrotzekin bada ere, berriro ere zabalik dira herriko tabernak. LABIren azken irizpideak bete ahal izateko, besteak beste, mahaiak barraren kontrara jarri dituzte tabernariek, bezeroek zutik eta barran kontsumitu ez dezaten. 

Hainbat bezero, berriz, animatu da terrazan kontsumitzera, baina eguraldi euritsuak bultzatuta, gehienek aprobetxatu dute barruaren epeltasuna, hilabete pasaren ondoren, tabernan egoteko. Hori bai, mahaiaren bueltan eserita eta gehienek maskara uneoro jantzita dutela egon dira.