Biharko prestatzen

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 11a, 17:08

Txoko tabernako mahaiak prestatzen, gaur goizean.

Bihar, zapatua, 6:00etatik tabernak eta jatetxeak zabaldu ahal izango dira, azaroaren 6az geroztik itxita izan ondoren. Gaur ibili dira tabernari eta langile gehienak prestatze-lanak egiten. Izan ere, Soraluzeko taberna gehienek zabalduko dituzte ateak; ez, ordea jatetxe guztiek. 

Bihartik eta urtarrilaren 11ra arte -ezustekorik ezean- tabernek eta jatetxeek ateak zabaltzeko baimena izango dute, LABI batzordeak horrela erabakita. Hori bai, baldintza zorrotzak bete beharko dituzte ostalariek, honakoak: 

  • Taberna barruan, gehienezko edukiera %50ekoa izan beharko da
  • 20:00etarako establezimendu guztiek itxita izango beharko dute
  • Erabiltzaileek eserita kontsumitu beharko dute
  • Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea

Horrekin batera, LABI batzordetik “iradokitzen da ez erretzea establezimendu horietako terrazetan”. Halaber, gogora ekarri dute “maskara etengabe erabiltzea derrigorrezkoa” dela, “elikagaiak edo edariak hartzen direnean izan ezik”. Azpimarratu dute “maskara behar bezala ez erabiltzea zigortzeko moduko jokabidea” dela.

Intzidentzia-tasa: 254

Herri bakoitzak duen COVID-19 koronabirusaren intzidentzia-tasa erabakigarria da herri horretako ostalaritzako establezimenduak zabaldua ahal izateko, 100.000 biztanleko 500-etik gorako intzidentzia-tasa duten herrietan ezin izango baitira zabaldu. Intzidentzia-tasa hori da azken14 eguneko intzidentzia-tasa metatua. 

Soraluzeri dagokionez, gaur argitaratutako datuen arabera, intzidentzia-tasa dago 254an. Bestela esanda, herriko semaforoa horian dago. Eibarren, berriz, gorri dago eta han ezin izango dituzte ostalaritza establezimenduak zabaldu. Oraingoz, egoera horretan egongo den eskualdeko herri bakarra izango da. 

Soraluzera bueltatuz, herriko taberna gehienek zabalduko dituzte ateak. Ez, ordea, jatetxeek. Txurrukak erabaki du, momentuz, mendiko jatetxea itxita mantentzea. Gaztelupen emango du jatordu zerbitzua, orain arte moduan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.