0 KM KOMERTZIOAK

Gaur piztuko dituzte Bizikalek ekarritako Gabonetako argiak

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 11a, 12:09
Plaza Zaharreko zuhaitzetan argiak ipintzen.

Goizean hasi dira Bizikale merkatari elkarteak ekarritako Gabonetako argiak ipintzen. Erdigunean eta Bizikale elkarteko bazkideen saltoki aurreetan ari dira ipintzen: Plaza Zaharrean, Zubi Nagusian, Santa Anan, Etxaburuetan, Errabalen eta Kalebarrenen. "Aurten Plaza Zaharreko zuhaitz guztietan ipiniko ditugu argiak", zehaztu dute. Merkatarien elkartetik dei egin dute, betiko moduan, herrian kontsumitzeko, baina aurten, bereziki, “egoera larria” baita eta “asko eskertzen” baita “herritarren laguntasuna”. 

Aurten, iazkoekiko argi desberdinak ekarriko dituzte, modelo berriak. Iluntzean piztuko dituzte, pizte-ekitaldi barik, “aurten ezin baita halakorik egin”, esplikatu du Ainhoa Ibarzabal Bizikaleko kideak. 

Arrazoi berarengatik aurten ez dute ez barrakarik eta ezta beste ezer ekarriko ere. 7.000 euro inguruko inbertsioa egin du Soraluzeko Merkatarien Elkarteak argiak ekartzeko.  

Gabonetako argiez aparte, Bizikale elkarteko establezimenduen aurrean Gabonetako apaingarriak ere ari dira ipintzen.

Bizikale elkartetik adierazi dute Gabonetarako argien ekarpenaren bitartez, “herria alaitzen eta girotzen lagundu” nahi dutela. “Eta ea jendeak segitzen duen edo animatzen den herrian erosten eta kontsumitzen. Aurten, bereziki, bizi dugun egoera larria da; ostalariek laguntasun handia behar dute eta baita gainerako saltokiek ere. Asko eskertzen da herritarren laguntasuna”.