Lan baldintzak duindu, zerbitzua hobetu leloarekin, gaur eta bihar, mobilizazioak egingo dituzte Gipuzkoako egoitzetako langile ugarik. 2017tik berritu barik duten lan hitzarmena gaurkotzea eskatzen dute, "lan hitzarmen duinak" aitortuz.
Soraluzeko egoitzatik, garbiketako langileen %100ak babestu du greba eta erizain laguntzaileen %70ak. "Ezin izan dugu grebarik egin, gutxieneko zerbitzuak %100 izatea erabaki baitute".
Emakumeek %30 gutxiago
Besteak beste, salatu dute egoitzetako langileen %90 irabazi asmoak dituzten enpresetan azpikontratatuta daudela eta horrek euren lan baldintzen prekaritatea eragiten duela.
Prekarietate hori emakumeen kasuan areagotu egiten dela gaineratu dute: “Emakume izateagatik, azpikontratatuta dauden beste zerbitzu publikoetan lanean diharduten gizonezkoek baino %30 gutxiago kobratzen dukar”.
Euren aldarrikapen horiek eta bestelakoak helarazteko eta tokiko agintarien inplikazioa eskatzeko idatziak aurkeztu dituzte Gipuzkoako 19 udaletxetan, baita Soraluzekoan ere. Haren bitartez, besteak beste, alkateari eskatu diote kontuan har ditzala egoitzetako eta eguneko zentroetako langileen aldarrikapenak eta "gatazka honen konponbidean pausu bat eman dezala". Zehazki, eskatu dute alkateak idatz diezaiola Markel Olano diputatu nagusiari hari eskatuz egoitzetako langileen ordezkariekin berba egin dezan "denbora luzez blokeatuta" dagoen hitzarmena "berritzeko".
Sindikatuen esanetan, "tamalgarria da 246 greba egun ostean eta izurriteak sortutako egoera ostean ez Aldundiak ez patronalak aurrera pausorik eman ez izana".