2019ko neguan, gazte talde batekin izandako arazoen ondorioz, 12-16 urte bitartekoen aisialdi zerbitzua bertan behera gelditu zen, eta ordutik ez da berrabiatu. Hain zuzen, egoera hori berbideratzeko asmoz osatu dute orain eragileen arteko mahaia. Mahai hori gurasoek (Keixeta), aisialdiko hezitzaileek (Kukumixo), udaleko hezkuntza teknikariak eta udal gobernuko zein oposizioko zinegotziek (EAJ, PSE-EE eta EH Bildu) eratu dute eta eurak izango dira datozen hilabeteetan prozesu parte-hartzailea abiatuko dutenak, besteak beste, gazteei galdetegiak pasatuz eta elkarrizketak eginez, euren iritziak jasotzeko. Lehenik, diagnosia osatuko dute, eta ostean, adin tarte horrendako egokia izan daitekeen aisialdi eskaintza diseinatuko dute.
EH Bilduren proposamenez
Prozesuaren jatorria EH Bilduk urrian Hezkuntza, Haurrak eta Gazteak Batzordeari egin zion proposamenean dago. Bertan, EH Bilduk 12-16 urte bitarteko gazteen aisialdiari irtenbidea bilatu beharra mahaigaineratu zuen eta hausnarketa prozesu bat abiatzeko "oinarriak" eta "parte hartze proposamen osatua" aurkeztu zituen. Batzordeak proposamena onartu eta prozesua gauzatzea erabaki du.