Baso Biziak elkartea sortu dute, bertako basoaren alde egiteko

Egoitz Unamuno 2020ko abe. 7a, 09:20

Elkartea sortu duten herritarrrak.

Azaroan, herriko bost naturazalek Soraluzeko Baso Biziak elkartea sortu zuten, bertako basoak bultzatzeko asmoz. Orain, bazkideak egiteko kanpaina hasi dute, ehun bazkide lortzeko helburuarekin eta dagoeneko berrogeita hamar lortu dituzte. 

Urte hasieran hasitako bideari jarraituz, herritar talde batek bertako basoaren aldeko elkartea sortu du: Soraluzeko Baso Biziak. 
Herritar hauek kezkatuta daude, azken urteotan, "gero eta joera handiagoa dagoelako espezie exotikoak landatzeko" eta hain zuzen, joera horri aurre egin eta bertako basoa sustatzeko helburuz sortu dute elkartea. 

Hitzartu edota sailak erosi

Elkarteak jorratu nahi duen lan-ildoetako bat lur-jabeekin hitzarmenak sinatzea da: “Lur-jabeekin denbora tarte baterako eta baldintza jakin batzuetan hitzarmenak adostea. Ondoren, elkarteko kideak arduratuko ginateke sailak mantendu eta basoberritzeaz”. Dagoeneko elkarteak hitzartu du lur-jabe batekin lursail bati dagokion zaintza eta, hortaz, datorren urteko lehenengo hilabeteetan bertan landatzen hasteko asmotan dira.  

Bestalde, “nahikoa bazkide lortuz gero”, elkarteko kideek nahi lukete “poliki-poliki zenbait lur eremu erostea”, etorkizunean “soraluzetar guztiontzat” izango direnaren bermearekin. Zeregin horretan, elkarteak Lurgaia Fundazioaren aholkularitza teknikoa jasoko du. “Fundazio hau erreferente bat da baso berreskurapenari dagokionez eta lan izugarria egiten dihardu, batez ere, Bizkaian”.

Ehun bazkide

Azaroaren amaieran, elkarterako bazkideak lortzeko kanpaina hasi dute. "Gure ingurunearen hobekuntzan guztiok zerbait egin dezakegula sinesten duten pertsonak behar ditugu, bazkide gisa, edota urtean zehar aurrera eramango ditugun ekimenetan parte hartuz, laguntzeko prest daudenak". Bazkidetzaren urteko kuota 60 eurokoa da eta izena emateko, izen-abizenak, NAN zenbakia eta telefonoa bidali behar dira ondorengo helbide edo telefonoetako batera: soraluzekobasobiziak@gmail.com, 679121902 (Antton) edo 647727943 (Maite). Dagoeneko berrogeita hamarren bat herritar egin dira bazkide. Elkarteko kideen asmoa da ehun bazkide izatera iristea.