Pentsio "duinak", "bidezkoak" eta "bizitzeko bestekoak" aldarrikatu dituzte

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 5a, 15:14

Gaur eguerdian, zapatua, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, manifestazioa egin dute, Toledoko Itunaren gomendioekiko desadostasuna adierazteko. 70 bat herritarrek parte hartu du protesta ekimenean. Besteak beste, salatu dute pentsiodunen mugimendua “erabakietatik kanpo” laga izana. No nos moverán kantuaren doinuarekin egin dute manifestazioa.

Eguerdian, Plaza Berrian  elkartu eta manifestazioa hasi baino lehen, komunikatua irakurri dute, pentsiodunen mugimenduen aldarrikapenen berri emateko.

Batetik, adierazi dute Toledoko Itunaren gomendioek “agerian” utzi dutela “gezur handia” dela “Gizarte Segurantza publikoa “jasanezina” dela. Bestetik, ezinbesteko ikusten dute “pentsioen etorkizuna” ziurtatzeko “kalitatezko enplegu egonkorra sortzea eta aberastasuna modu bidezkoan birbanatzea”. Zentzu horretan, “Europako Gutun Sozialean aurreikusitako 1.200 euroko LGSa - Lanbideen Gutxieneko Soldata- ezartzea” aldarrikatu dute.

Arrisku berriak 

Toledoko Itunaren gomendioei dagokienez, berriz, gogora ekarri dute indarrean segitzen duela Iraunkortasun Faktoreak, eta horrek ateak zabaltzen “dizkietela erretiro aurreratua zigortzeari, pentsio-plan pribatuak diru publikoekin finantzatzeari, alarguntza pentsioa murrizteari eta pentsio osoa eskuratzeko baldintzak gogortzeari”.

Baztertutako aldarrikapenak

Horrekin batera, azpimarratu dute Toledoko Itunak honako aldarrikapenak “baztertu”  egin dituela:

  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa
  • 40 urte kotizatuta dituztenen erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea
  • Genero-arrakalarekin amaitzeko neurriak
  • Alarguntza-pentsioaren oinarri arautzailea, diru-sarreren iturri bakar gisa 100eraino igotzea

"Gutxieneko pentsio miserableak"

Bestalde, salatu dute erreforma honekin “hautsi” egiten dela “sistemaren belaunaldien arteko elkartasuna eta pentsioak hiru multzotan” banatzen direla: “gutxieneko pentsio miserableak gehi alargun-pentsio gero eta murritzagoa; gero eta pentsio txikiagoak belaunaldi berrientzako; pentsio-plan pribatuak funts publikoekin ordaindu ditzaketen langileentzat”.

Azkenik, gogora ekarri dute “pilota gobernuaren teilatuan” dagoela. Eta esan dute “lan-bizitzaren amaieran pentsio duinak bermatuko dituen Pentsio Sistema Publikoaren alde borrokatzea” besterik ez zaiela geratzen.

Komunikatua irakurri ondoren, Plaza Zaharretik Santa Ana kaleraino eta handik Plaza Berrirainoko manifestazioa egin dute, No Nos moveran kantu-protestaren doinuarekin.