Aurtengoak guztiz ezohiko Gabonak izan arren, elementu tradizionaletako batzuk izango dituzte. Bai, behintzat, umeendako garrantzitsuena: Olentzeroren eta Mari Domingiren etxola, bi lagunak Gabonetan Soraluzeko umeen etxeetara etorriko diren seinale.
Egunotan, Kukumixoko eta Pil-pileaneko lagunak lan eta lan ibili dira guztia gertu izateko. Laster izango dira etxola barruan Olentzero eta Mari Domingi bera. Aurtengo gaia Jolasa da eta parke bat irudikatu dute Kukumixoko kideek; besteak beste, iturri magikoa dago bertan.
Bestalde, Gabonetako arbola ere ipini dute; izeia, mendigainetik ekarritakoa. 5,5 metro luze da eta argitxoz inguratu dute Laibiko langileek, haiek pizteko gertu.