Durangoko Azokak 2.300 produktu eskaintzen ditu online dendan

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 4a, 11:00

Durangoko Azokaren online biltegia. Argazkiak Gerediaga elkartea.

Gaur, barikua, 18:00etan inauguratuko dute Durangoko Azoka. Abenduaren 8ra arte, liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, papergintza... Aurreko urteetan erakusmahaietan topatu ahal izan diren produktu guztiak egongo dira salgai azokaren atari digitalean, 2.300 baino gehiago: Durangokoazoka.eus. 100 kultura ekitalditik gora ere antolatu dituzte. Streaming bidez eskainiko dituzte guztiak.

Landako Gunea online dendaren biltegi bilakatu dute, aurten ezohikoa izango den azokarako. 852 nobedade izango dira eskura: 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...). Guztira, 2300 produktu erosi ahal izango dira euskal kulturaren denda erraldoi honetan, 185 parte-hartzaileren eskutik -diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak, auto-ekoizleak…-
 
Hori horrela, gertu dago guztia gaur, 18:00etan Azokak Lehen taupaDA! eman dezan, Xabier Madariagak gidatutako inaugurazio ekitaldian. 

Bertan, Eñaut Elorrieta, Kirmen Uribe (New Yorketik) eta Bagara dantza taldearen taupadak ikusi, entzun eta sentitzeko aukera egongo da. Horrez gain, Azoka babesten duten erakunde publikoetako ordezkariak egongo dira: Eusko Jaurlaritza, Durangoko Udala eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak. Ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango da. 

Ekitaldiak streaming bidez

Online dendako eskaintzarekin batera, Durangon 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dira azokaren bueltan, bi espaziotan, Landako Gunean eta Plateruenan. Azken horretan izango dira, besteak beste, Gatibu, Mikel Urdangarin, Zetak eta Kohatu talde berriztarra. 

Gainerako kultur ekitaldiak Landako Gunean egingo dira. Idazleen artean, besteak beste, honako sortzaileek parte hartuko dute Azokan: Uxue Alberdik, Bernardo Atxagak, Jakoba Errekondok eta Andoni Olariagak. Kultura ekitaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahalko dira, Azokaren webgunean. 

Pizgarriak

Urtero modua, bada, eskaintza oparoa eta askotarikoa dakar urteko kultura azokarik handienak. Pizgarri moduan, gainera, ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute, doan, euren erosketarekin batera. Era berean, 45 eurotik gorako erosketa guztiek doan izango dituzte bidalketa gastuak.