Amaitu da Blues Hotsak jaialdia, arrakasta handia lortuta

Egoitz Unamuno 2020ko abe. 2a, 13:16

Asteburuan, Travelling Brothers-ek eta Amparo Sanchezek eskainitako emanaldiekin amaitu da aurtengo Blues Hotsak jaialdia. Antolatzaileen esanetan, jaialdiak “arrakasta erabatekoa” izan du. Izan ere, kontzertu nagusietarako sarrera guztiak agortu dira eta emanaldi txikietan ere herritar asko izan da. Argazkiak: Fernan Oregi. 

Lehen asteburuko emanaldien bidetik joan dira bigarren eta azken asteburuko emanaldiak ere. Zapatuan, Travelling Brothers taldeak publikoaren aurreikuspenak bete zituen eta zuzeneko zirragarria eskaini zuen aretoko aforoa beteta zegoela. Domeka eguerdian, berriz, herritar mordoxka batu zen Amparo Sanchezen liburu aurkezpenera (La niña y el lobo) eta iluntzean, aretoa beteta zela eskaini zuen jaialdiari amaiera eman dion flamenko kutsuko kontzertu ederra, Victor Iniesta gitarrajolearekin batera.

Arrakasta betea

Antolatzaileak eta Udala "oso gustura" agertu dira aurtengo jaialdiak eman duenarekin. Biek ala biek, azpimarratu dute musikarien maila eta herritarren aldetik izan den erantzun ona. Ubane Uzin Errabal Jazzeko arduradunaren esanetan "aurtengo jaialdiak erakutsi du urteko garai hau egokia dela halako jaialdi bat antolatzeko eta programazio erakargarri bat eskainiz gero, musikazaleek erantzun egiten dutela. Musikariek eurek ere esan digute harrituta gelditu direla jaialdiaren maila musikalarekin eta baita generoari dagokionez, egitarauak izan duen parekidetasunarekin. Publikoari dagokionez, aurten, osasun egoera dela eta, ahalegindu gara lehentasuna herriko ikusleei ematen eta inguruko herrietatik deitu duten herritar asko sarrerarik barik gelditu dira. Esango nuke, aurten oinarri on bat jarri dugula datozen urteetarako".  

Erlazionatuak