Bukatu dira Institutuko obrak

Ubane Madera Zangitu 2020ko abe. 1a, 11:30

Garabia moduluak frontoitik kalera jaisten, atzo, astelehena. Argazkia: Ander Pastoriza.

Atzo, astelehena, erretiratu zituzten Institutuko moduluak, ikastetxeko obrek iraun duten bitartean ikasleek erabili dituztenak. Horrenbestez, bukatu dituzte Institutua zaharberritzeko obrak. Eusko Jaurlaritzak ia 900.000 euroko inbertsioa egin du obra horretan.

 

Atzo, Institutuko moduluak eramateko ekarritako garabia matxuratu eta berria ekarri behar izan zuten, Erandiotik. Horrek atzerapena eragin zuen, eta, horren ondorioz, arratsaldeko azken ordura arte ibili ziren Institutuko moduluak erretiratzen.

Edozelan ere, erretiratze-lanak bukatu dituzte eta horrekin amaitutzat eman dituzte Institutua zaharberritzeko obrak.

Estalitako bi frontoi

Kanpotik osorik zaharberritu dute Institutua: leiho berriak ipini, teilatua eta fatxada konpondu, margotu eta goiko frontoia estali. Barruan, berriz, igogailua ipini dute; ate, berogailu eta komun berriak ipini dituzte, hezetasun arazoak konpondu dituzte, margotu egin dute eta hainbat espazio berrantolatu dituzte.

Hori guztia egiteko, Eusko Jaurlaritzak 887.963 euroko inbertsioa egin du, eraikinaren jabea erakunde hori da eta. Obrak uztailaren 13an hasi zituzten, lau hilabetean bukatzeko aurreikuspenarekin. Abuztua tarteko izan da eta azaroan bukatu dituzte lanak.

Bestalde, obrek eraginda, orain arte erabil ezinda egon diren frontoiak atzera ere erabilgarri daude. Gainera, obrei esker, orain, estalitako bi frontoi daude herrian, San Andres auzokoarekin, hiru.