Uztailean estreinatu zuten Arane kiroldegiko gimnasioa, eraiki berri duten solairuan egokitu dutena. Solairu berrian dago, baita ere, spinning areto berria. Bi aretoak, komunak eta takilak kiroldegiaren solairu berrian egokitu dituzte, errepide aldera. Hirugarren gela bat ere sortu dute hor, ibai aldera: erabilera anitzeko aretoa, kultura jardueretarako.
'Tolarekua' areto berria
Izan ere, kiroldegiko eraikin berriari esker, kirol zein kultura jardueretara, bietara bideratutako azpiegiturak gehitu ditu Udalak.
Erailera anitzeko areto berria, adibidez, formatu txikiko ekitaldietara bideratu dute: hitzaldiak, euskarazko eta ingelesezko mintzapraktikak, tailerrak, antzezlanak, robotikako eskolak...
Abel Olaizola Kultura zinegotziak esplikatu duenez, Tolarekua izena jarri diote, antzina, leku berean zegoen dolarearen izenean. Biraka ere bertan egingo dute, hartara, antzokiaren atzeko espazioa dantza taldearentzat gorde dute.
Elkartegia kiroldegian
Bestalde, squash aretoa egokitu eta margotu egin dute, Elkartegi izateko. Asmoa da abenduaren 1ean estreinatzea. Orain arteko Elkartegia ez zen irisgarria eta gainera, udal lan-taldearen lokala da.
Bestalde, Olaizolak adierazi du hainbat talde desagertu egin direnez, Elkartegi berrian talde gehiagorendako lekua dagoela. Azkenik, antolaketa berrian, lehenagoko gimnasioa boxeo taldeak erabiltzen dihardu.
Kirol eta kultura esparruen berri emateko, seinaletika ere jarriko dute kiroldegian. Haren eskumako aldera eta errepideko atetik sartuta, kultura esparrua dago: liburutegia, euskaltegia, ludoteka, erakusketa aretoa, Tolarekua, Elkartegia, Gaztelekua eta Herriko Antzokia. Gainerakoa, kirol esparruari zuzenduta dago.