Zapatuan, manifestazioa

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 30a, 12:00

Toledoko Itunaren murrizketei ez lelopean, zapatuan, 12:00etan manifestazioa egingo dute Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Euskal Herriko udalerri ugaritan egingo dute gauza bera. Laburbilduz, uste dute “pentsioen sistema publikoaren erreforma hau, gomendioek planteatzen duten moduan, baztertu egin behar dela”.

 

Zapatuan, 12:00etan Plaza Berritik abiatuko da pentsio publiko duinen aldeko manifestazioa. Zaratatsua izango da.

Oro har, Toledoko Itunaren gomendioen arabera planteatzen duen pentsioen sistema publikoaren erreforma “baztertu egin” behar dela uste du pentsiodunen mugimenduak.

Honako arrazoiak eman dituzte horretarako:

  • Genero arrakala gainditzea alde batera uzten du berriz ere.
  • Belaunaldien arteko etena eta gatazka sortzen du, eta hainbat arau eta eskubide sortzen ditu.
  • Lan-segmentazioak eta -prekarietateak areagotu egingo dira erretiroan. Soldata prekarioak, pentsio prekarioak, diru-sarrera prekarioak.
  • Erreformaren alderdirik arriskutsuena pentsio-funts pribatuak sustatzea da.

"Desabantailak"

Bestalde, Toledoko Itunaren gomendioei dagokienez, berriz, diote “desabantaila” asko dituztela. Honakoak aipatzen dituzte.

  • 27/2011 eta 23/2013 Legeek sartutako murrizketak finkatu egiten dituzte.
  • Ez dute aipatzen 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu behar denik, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala.
  • Alarguntza-pentsioari buruzko gomendioek etorkizunean okerragotu egingo dute emakume askoren egoera, eta handitu egingo da genero-arrakala.
  • Etorkizuneko pentsioak murrizteko diseinatuta dagoen Iraunkortasun Faktorea mantentzen dute.
  • Ez dago argi koefiziente murriztaileak baliogabetzen diren edo, gutxienez, murrizten diren 40 urte edo gehiagoan kotizatzen aritu eta gero enplegua galdu duenarentzat.
  • Pentsio-funtsak sustatzen dituzte, pertsona eta diru-sarrera handienak dituztenei mesede egiten dietenak, zerga-desgrabazioekin, zergadun guztien diruarekin.