Gutunak batuko dituzte, baina kalejira barik

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 30a, 09:24
Olentzero eta Mari Domingi iaz, umeen gutunak batzen, kiroldegian.

Pandemia egoeran egon arren ere, Olentzerok eta Mari Domingik zein Errege Magoek, guztiek batuko dituzte Soraluzeko umeen gutunak Gabonetan. Hori bai, aurten ez dute kalejirarik zein kabalkadarik egingo. Olentzero eta Mari Domingi kiroldegian izango dira gutunak batzen; Errege Magoei zuzendutako gutunak, berriz, Abade Etxearen postontzian batuko dituzte.

 

Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi zuzenean joango dira Arana kiroldegira, Soraluzeko umeen gutunak batzera. 10:00etatik 14:00ak arte izango dira bertan.

Guztien segurtasuna bermatu nahian, umeei eskatu diete adinaren arabera sailkatutako taldetan bertaratzea.

Hona ordutegiak eta taldeak:

  • 10:00etan, Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailak;
  • 10:45ean, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailak;
  • 11:30ean, Haur Hezkuntzako 3. eta 4. mailak;
  • 12:15ean, Lehen Hezkuntzako lehen mailakoak eta Haur Hezkuntzako 5. mailakoak;
  •  13:00etan, 0-2 urteko umeak;

Altzoan ez, oparitxoa bai

Gurasoei dagokienez, berriz, Lehen Hezkuntzako lehen mailara arteko umeei (hauek barne) lagundu ahal izango diete, baina LH2tik aurrerakoak, berriz, bakarrik sartu beharko dira kiroldegira.

Bestalde, umeek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin berba egin ahal izango duten arren, ezin izango dira euren altzoetan eseri. Hori bai, Kukumixoko laguntzaileak arduratuko dira oparitxoak banatzeaz eta argazkilaria ere izango da, denek izan ditzaten oroitzapenerako argazkiak.

Plaza Berriko txabolari dagokionez, aste honetan hasiko dira muntatzen. Aurtengo gaia jolasa izango da eta ohi duten moduan, elementu bereizgarriren batekin irudikatuko dute jolasa.

Errege Magoak

Bestalde, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoei dagokienez, aurten ezin izango dute kabalkadan etorri gutun bila. Baina batu batuko dituzte umeen eskariak. Abade Etxeko postontzia erabiliko dute horretarako. Datozen egunotan zehaztuko dituzte gutunak entregatzeko egunak.