Ostalarientzako babesa eta laguntza zuzenak eskatu dituzte elkarretaratze jendetsuan

Egoitz Unamuno 2020ko aza. 28a, 13:56

'SOS ostalaritza' lemapean, herriko ostalariak, edari banatzaileak eta ehunetik gora herritar plazan elkartu dira gaur sektoreak bizi duen egoera larria salatu eta instituzioei "babesa" eta "laguntza zuzena" eskatzeko.  

Ostalariek jende artean zabaldu duten oharrean adierazi dutenez, "haserre eta arduratuta" daude, eta osasun egoerari aurre egiteko "neurriak hartzeko beharra" dagoela ulertu arren, ez dute ulertzen zergatik egon behar duen ostalaritza guztiak itxita: "Ez dago beste arrisku gunerik?", galdetu dute. Horrekin batera, salatu dute pandemia hasi zenetik ostalaritza "jomugan" jarri izana eta ohartarazi dute eurak ez direla egoeraren "errudunak". 

Galdera eta eskari nagusiak instituzioei zuzendu dizkiete: "Zergatik ez dizkigute gutxieneko laguntza zuzenak ematen? Autonomo, langile, hornitzaile, banatzaile... Asko gara eta larri gaude. Instituzioen babesa eta laguntza zuzena ezinbestekoa dugu". 

Txalo artean amaitu da elkarretaratzea eta ostalariek "eskertu" nahi diete herritarrei egunotan eta gaur erakutsi dieten "babesa".