Ostalariek kontzentrazioa deitu dute zapatu eguerdirako

Egoitz Unamuno 2020ko aza. 26a, 17:30
Gila taberna itxita.

Soraluzeko ostalaritza borrokan lemapean, ostalarik kontzentrazioa antolatu dute zapatuan, eguerdiko 12:00etan, Plaza Barrixan eta dei egin diete herritarrei bertan parte hartzera. Deialdiarekin batera, idatzi bat ere zabaldu dute bizi duten "ziurgabetasuna" eta "instituzioetatik faltan igartzen duten hurbiltasuna” salatuz.   

Ondorengoa da ostalariek zabaldu duten idatzia:  

SOS Ostalaritza

Soraluzeko ostalariok kezka eta haserrea helarazi nahi ditugu. Azaroaren 6an ixtera behartu gintuzten. Geure buruari galdetzen diogu zergatia, guk bezainbesteko “arriskua” duten leku asko irekita baitaude. Ostalaritza jomugan dago. Zergatik? Egoera larria da. Ulertzen dugu neurri gogorrak hartu beharra. Baina neurriak berberak izan beharko lirateke guztientzat. Itxiera agindu zutenean, ez zuten laguntzarik aurkeztu; horrek erabateko ziurgabetasuna eragin zigun. Gainera, egun batetik bestera itxi beharrak galerak eragin dizkigu, produktu galkorrengatik. Laguntzek ez dituzte oinarrizko gastuak kubritzen: argia, ura, alokairuak… Negozio bat duenak badaki gastuok handiak direla. Gainera, autonomoak garenez ez dugu diru-sarrerarik. Eta familiak ditugu. Frantzian eta Alemanian ere itxi dute ostalaritza. Baina han, ixterako guztia lotuta zuten: laguntzak emanda, antolatuta… fakturazioaren %70a eman diete. Azkenik, instituzioengandik faltan igartzen dugu hurbiltasuna. Azaroaren 28an, 12:00etan elkarretaratzea egingo dugu, Plaza Berrian.

Soraluzeko ostalariak