Elkarretaratzea eta muntaia artistikoa indarkeria matxistaren kontra

Egoitz Unamuno 2020ko aza. 25a, 22:11

Gaur iluntzean, berrogeitamarren bat herritar batu dira Plaza Berrian egin den indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzean. Handik metro gutxira, zubian, muntaia artistikoa jarri du Sorora talde feminista sortu berriak. 

Berrogeitamar herritar inguru elkartu dira gaur plazan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, Emakumeen kontrako indarkeriari ez lelopean egin den elkarretaratze isilean. Elkarretaratzea Udaleko berdintasun batzordeak deitu du eta udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako emakumezko zinegotziek eutsi diote pankartari. 

Bitartean, Gaztetxearen aurrealdean, ikusgai eta entzungai izan da Sororak talde feminista sortu berriak ipini duen muntaia artistikoa. Kaiolak apurtzen sororitatetik lemapean, hainbat kaiola ipini dituzte, barruan objetu bana zutenak, kandelaz inguratuta, eta tartean, mugimendu feministako bandera moreak. Horrez gain, megafoniaz, emakumeen tratu txar egoerak iradokitzen zituzten elkarrizketa gogorrak entzunarazi dituzte, ozen. 

Domekan, liburu aurkezpena eta kontzertua

Azaroaren 29an, domekan, Blues Hotsak jaialdiaren barruan, Amparo Sanchez kantari espainiar ezagunak La niña y el lobo bere azken disko-liburua aurkeztuko du. Lehenik, eguerdian, 12:30ean, liburua aurkeztuko du eta arratsaldean, 18:00etan, diskoa, kontzertua eskainita. La niña y el lobo disko-liburua lan autobiografikoa da eta Sanchezek berak jasan zuen indarkeria matxista du ardatz, "istorio basati, urratzaile eta pertsonala". Gonbidapenak eta sarrerak Iratxo goxodendan daude eskuragai.