Bi hiletik behin tratu txar kasu bat

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 25a, 09:51
Herritar ugari iazko elkarretaratzean.

Gaur, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako eguna da. Indarkeria mota hori salatzeko, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute, Plaza Berrian. 2004tik, Soraluzen 102 indarkeria kasu salatu dituzte, bi heren genero indarkeriarekin lotutakoak. Indarkeria mota guztietan, hamarretik bederatzi erasotzaile gizonezkoak dira.

Deba-Urola ertzain-etxean tratu txarrez arduratzen diren profesionalek helarazitako datuen arabera, 2004tik 102 indarkeria kasu salatu dira Soraluzen. Bi heren genero indarkeriakoak; gainerakoak etxeko indarkeriarenak. Kasu guztien artean, heren batean adin txikikoak daude tartean.

Salatutako kasuen artean, hartu beharreko arrisku neurriei buruz, ohikoena da Oinarrizkoak izatea. Oso gutxitan Ertainak edo Altuak. Berezirik ez da egon, bestela esanda, bizkartzaina behar duenik.

Biktimen adinari buruz, berriz, erdia baino gehiago 18-39 urte artean daude. Beste %33 40-59 urte artekoak dira. Berdin gertatzen da erasotzaileen adinarekin ere.

Aretxabaletaren antzera

Bestalde, datu oso esanguratsua ere eman dute: Indarkeria mota guztietan, erasotzaileak, hamarretik bederatzi gizonezkoak dira. Dena den, gaineratu dute herrian bizi den egoera jakiteko diziplinaaskotariko ikuspegia behar dela: Ertzaintza, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak, Cáritas, Elikagaien Bankua, Anbulatorioa, ikastetxeetako orientatzaileak, elkarte feministak…

Aurtengo egoera bereziari dagokionez, berriz, Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, "Konfinamenduan, martxotik ekainera, jaitsi egin ziren salaketak eta ekainetik aurrera, berriz, ”normaldu" egin dira, baina ez daude gehiago.

Oro har, Soraluzen urteko media bi hiletik behin tratu txar kasu bat da. Diotenez, ez du zerikusirik, adibidez, Arrasaten bizi duten egoerarekin. Han datu guztiak gainditu egiten dira. Aldiz, hemengoak Aretxabaletako datuen antzerakoak dira, eta Aretxabaletan 7.000 biztanle bizi dira. Oro har, poliziak dio herri txikietan kontrol soziala deitzen dena dagoela eta jendeak erreparo handiagoa izaten duela.