Bihar, COVID-19a detektatzeko baheketa masiboa egingo dute Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 24a, 11:57

Bihar, eguaztena, Soraluzen COVID-19 koronabirusa  detektatzeko baheketa masiboa egingo dute herrian. 13-40 urte bitarteko herritarrak daude deituta eta arratsaldeko 15:00etan hasiko dira probak egiten, anbulatorioan. Komeni da aldez aurretik txanda hartzea; kasu horretan, telefono zenbaki berezia ezarri dute horretarako: 943 03 26 44.

Bihar, egun bakarreko baheketa masiboa egingo du Osakidetzak Soraluzen. Hasiera batean, 13-40 urte bitarteko herritarrak daude deituta, adin tarte horretan ematen direlako COVID-19aren kasu asintomatiko gehien.

Edozelan ere, adin tarte horretan ez dagoen norbaitek PCR proba egiteko interes handia badu, galde dezake anbulatorioan ea leku librerik baden.

Borondatezkoa

Txanda hartzeko honako telefono zenbaki berezira deitu beharra dago: 943 03 26 44, anbulatorioa ez kolapsatzeko. 15:00etan hasiko dira testak egiten eta amaitu arte jarraituko dute. 

PCR probak egitea borondatezkoa da, eta jakinarazi dute joateagatik bakarrik ez dela berrogeialdirik gorde beharko.

Anbulatoriotik esandakoaren arabera, Soraluzeko kutsatze kopurua dela-eta egingo dute orain baheketa masiboa. Izan ere, eta nahiz eta azken egunotan datuek beherako joera erakutsi, kutsatze-maila altua dago herrian. Osasun profesionalek esandakoaren arabera, egunero ari dira norbait ospitaleratzen, koronabirusaz kutsatu ondoren, albo bietako pneumonia garatu dutelako.