Indarkeria mota guztiak desagerraraztearen alde

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 23a, 12:00

Emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontrako eguna heltzear, pentsiodunen mugimenduak bat egin du indarkeria mota horren gaitzespenarekin. Bestalde, mobilizazioak iragarri ditu, Toledoko Itunaren gomendioen aurrean dituzten “desadostasunak eta kritikak helarazteko”. Salatu dutenez, gomendioek ez diete “behar bezalako erantzunik ematen Pentsiodunen Mugimenduaren eskaera gehienei”.

“2020a urte dramatikoa izan da adineko emakumeentzat ere; izan ere, prekarietate ekonomikoaz eta zerbitzu soziosanitarioen eskasiaz gain, konfinamendu-denbora horretan lortutako datuek adineko emakumeek etxe askotan bizi izan duten egoera islatzen dute, hala nola indarkeria ikusezina”.

Pentsiodunen mugimendutik, berba horiekin salatu dute, besteak beste, adineko emakumeek zailtasun handiagoak dituztela euren buruak defendatzeko. Gogora ekarri dute “pentsioen arrakala %37koa dela gizonekin alderatuta”, eta, oro har, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista salatu dute, “bai eta bizitzeko ditugun miseria-pentsioen ondorioz jasaten ari garen prekarietate eta abandonu egoera ere”.

Puntu bakarra onartu

Bestalde, Toledoko Itunari dagokionez, jakinarazi dute pentsiodunen mugimenduaren eskari gehienak atzera bota zirela, “ERC, EHBildu, BNG, Compromis, Más país eta Cup alderdien aldeko botoa jasoz: Gobernuak bere gain hartu zuen gauza bakarra 40 urteko edo gehiagoko kotizazioa duten erretiratuei pentsioen koefiziente murriztaileak kentzeko aukerari buruzko azterlan bat egitea izan zen, baina ez guztiei, eskubide hori aitortzeko baldintza jakin batzuk baloratuko baitituzte”.

Hori horrela, mobilizazioak iragarri dituzte: azaroaren 30ean Iruñean eta abenduaren 5ean EAEko hiru hiriburuetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.