Plazentziatar jatorriko txakolina, Beizaman

Egoitz Unamuno 2020ko aza. 21a, 13:20

Luis Jabier Oregi Iñurrieta (Soraluze, 1963) Beizaman bizi da Urki Zahar baserrian, eta izen bereko txakolina ekoizten du. 2005ean abiatu zuen txakolina egiteko proiektua, aita zenak tentatuta.

“Aita etorri zen batean, baserri inguruko zelaiei begiratu eta zera bota zigun: ea zergatik ez genuen inguruko lurretan txakolina ekoizten. Hasieran barre egin nion, baina gero jakin nuen bazela mahats landareak ekoizten zituen mintegi bat eta bertara jo nuen landare eske. Han, ordea, esan zidaten Getariako sor-markarako bakarrik ekoizten zutela eta ni horrekin harritu egin nintzen. Oztopo asko topatu nituen txakolina ekoizten hasteko eta horrek are gogo handiagoa piztu zidan aurrera egiteko. Esan zidaten Oñatin Juan Zelaiak eta beste batzuek bazihardutela txakolina ekoizteko elkarte bat sortzeko ahaleginean eta eurengana jo nuen”. 

Momentu horretatik aurrera, Oñati eta Arrasateko beste ekoizle txiki batzuekin batera abiatu zuen txakolina ekoizteko baimena eskuratzeko borroka, eta hiru urte geroago, 2008an, eskuratu zuen baimen hori, Getariako sor-markapean. Orduan landatu zituen mahatsondoak Beizamako lurretan eta lau urte beranduago, 2012an jaso zuen lehen mahats uzta. 

Hasierako urteetan, mahatsa Zarautz eta Getariako bodegetara eroan behar izan zuen, baina 2016az geroztik, Beizaman bertan ekoitzi zuen txakolina, etxetik gertu eraiki zuten bodegan. 

Modu ekologikoan

Luis Jabierrek garbi zuen ez zuela gai kimikorik erabili nahi eta txakolina modu ekologikoan ekoiztearen alde egin zuen apustu. Ondorioz, ezkoizpenari dagokionez, uzta bakoitzean, modu konbentzionalean ekoizten duten bodegekin alderatuta, bataz beste, %70a gutxiago jaso izan du. “Gure urteko produkzioa, 6.000-7.000 botilakoa izaten da baina gora behera handiak izaten dira. 2017koa, esaterako, oso urte ona izan zen eta 11.000 botila ekoitzi genituen, baina aurten, ez gara 3.000 botilara iritsiko. Orain, badihardugu mahatsa babesteko teknika berriak probatzen baina ekoizpen ekologikoari trabak besterik ez dizkiote jartzen eta zaila da aurrera egitea”. 

Maila goreneko jatetxeetan 

Ekoizpena kantitatez horren mugatua izanik, Urki Zahar bodegak kalitatearearen alde egin du, eta gaur egun maila goreneko txakolin eta ardoekin lehiatzen da. “Gure merkatua jatetxeetan dago eta zorte handia izan dut gure txakolina inguruotako jatetxerik onenetan eskaintzea lortu dugulako: Arzak, Berasategi, Elkano…". Horrez gain, Estatu Batuetara ere esportatzen dute txakolina. "Lortu dugu txakolina prestigiatzea eta bide berri bat zabaltzen dihardugu. Zati bat kanpora saldu dugu eta horri esker salbatu dugu urtea, baina gure lehentasuna hemen saltzea da. Horregatik sartu gara euskal ardoen Biba Ardoak kooperatiba sortu berrian ere”. 

Gaur egun, Urkizahar bodegak bi txakolin mota ekoizten ditu; bata, arrunta altzairuzko upelean ondutakoa, botilako 10 eurotan saltzen dutena; eta bestea, berezia, haritz egurrez egindako barrikatan ondua dena, botila 19,5 eurotan saltzen dutena. “Apustu horixe egin dugu eta ondo ari gara saltzen. Satisfaziorik handiena da emaitzak ikusten hasi garela eta penarik handiena nire aita ez dela bizi hau ikusteko”. 

Urkizahar txakolina erosi nahi duenak Urkizahar.eus webguneko dendaren bitartez eros dezake, eta horrez gain, bisitan joan nahi izanez gero, horretarako aukera ere eskaintzen dute, hamar lagunetara arteko taldeentzako.

URKIZAHAR txakolin ekologikoa from Luisja on Vimeo.