Abenduaren 10era arte indarrean segituko dute oraingo neurri murriztaileek

Ubane Madera Zangitu 2020ko aza. 20a, 09:31
Josune Sagardui Osasun sailburua.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du azaroaren 6ko Dekretua luzatu egingo duela. Bestela esanda, abenduaren 10era arte, gutxienez, indarrean segituko du, besteak beste, 22:00etan etxeratzeko aginduak eta ostalaritzako establezimenduak itxita mantentzeko aginduak.

Gogoan izan, bi agindu horiekin batera, besteak beste, honakoek ere segituko dutela indarrean: norbere herritik eta EAEtik sartu-irteteko mugak eta jarduera sozioekonomikoak 21:00etan eteteko aginduak.

Transmisio altua

Josune Sagardui Osasun sailburuak esandakoaren arabera, LABI batzordeak erabakitako neurriak “eraginkorrak izaten ari diren arren eta pandemiaren joera-aldaketan islatzen diren arren, Euskadik birusaren transmisio oso altuko egoeran jarraitzen du”.

Sagarduik iragarri duenez, Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak 15 egun barru atzera ere aztertuko du momentuko egoera eta neurrien eraginkortasuna.

Zapatuan sartuko da indarrean dekretu berria.