Gipuzkoako Foru Aldundiak Ikusgaitzak kanpaina abiatu du familia beharrean dauden haurrak ikusarazi eta haien errealitatea ezagutzera emateko. Harrera-familia programak 31 urte bete ditu aurten, eta gaur egun, 414 haur eta gazte bizi dira Gipuzkoan harrera-familietan (horietatik 338 adingabeak dira, eta beste 76k harrera-familietan bizitzen jarraitzen dute adinez nagusikoak izan arren).
Harrera-familiek, adingabeek, gurasoek, anai-arrebek eta "izeba" proiektua osatzen duten familiek eratzen dute 'Ikusgaitzak' kanpaina. Proiektu horretan, familiek osaba-izeben papera hartzen dute, adingabeko bakoitzak egoitza-harreran bizi dituen prozesuei laguntzeko. kanpainari esker 60 harrera familia aurkitzea dute helburu, hainbat arrazoirengatik, momentuz euren familian hazi ezin dituzten haurrendako.
Esperientzia positiboa
Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak eskerrak eman dizkie egunez egun “lan bikain eta hain beharrezkoa” egiten duten harrera-familiei eta arlo horretan lan egiten duten Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik elkarteei. “Familiek kontatzen digute egunerokoa maiz zailtzen dela eta erronka handiei egin behar izaten dietela aurre, baina aldi berean esperientzia ona eta oso positiboa dela”. Horregatik aitortu nahi izan du familia horien lana, ardura eta elkartasuna, eta gogorarazi du edozein pertsona izan daitekeela harrera-familia. Interesatuta egon litezkeen familiak deitzera eta informazioa eskatzera animatu ditu, “hori baita egin beharreko lehen urratsa eta, askotan, zailena”.
Informazio gehiago:
- gipuzkoa.eus
- familiaharrera@gipuzkoa.eus
- 943 112 522